Bilboko Koral Elkartearen koruek emanaldi-egutegi bizia izango dute Gabonen aurreko egunetan. Hala, Euskeria Koruak bihar, ostiralarekin, kontzertua eskainiko du Muskizeko Meatzari Aretoan. Bilboko Koraleko haurren taldeak Urko Sangroniz zuzendari titularrak gidatuta abestuko du. Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta egitaraua Gabonetako lanez osatuta egongo da nagusiki.
Euskeria Koruak berriro ere egingo du emanaldia hilaren 19an, astelehenean, Bilboko Guggenheim Museoan, Museoaren Lagunak elkartearen urteko jardunaldiaren baitan. Emanaldian, korua Bilboko Udal Txistulari Bandarekin batera ariko da. Hilaren 20an, asteartean, talde biek kontzertua emango dute Bilboko Euskalduna Jauregian, Txistulari Bandaren kontzertu-zikloaren baitan. Garikoiz Mendizabalek zuzentzen duen taldeak Guerrero, Elbedin, Aragües, Busto eta Ugalderen lanak abestuko ditu, besteak beste.
Bestetik, Bilboko Koral Elkarteko Haurren Koruak Gabonetako Soinuak kontzertuan parte hartuko du. Kontzertua elkarren segidako seigarren urtez egingo da, Euskalduna Jauregian, aurten hilaren 17an, larunbatean. Aurreko urteetan bezala, Bizkaiko ahots zuriek osaturiko koru nabarmenenak bilduko dira 19:00etan hasiko den kontzertuan. Koraleko haurren koruarekin batera, Leioa Kantika Korala eta Gernikako Gaudemus Korala egongo dira. José Luis Ormazabal, Basilio Astulez eta Julia Foruria zuzendariek nork bere korua zuzenduta, askotariko egitaraua eskainiko dute, Gabonetako lanak nagusi. Kontzertuari amaiera emateko, hiru koruek batera emanaldia eskainiko dute, haien teknika bikainari esker primeran bat eginda, estilo ezberdinak izan arren. Gabonetako topaketa hau Euskara eta Kultura Foru Sailak antolatuta eta La Caixaren Gizarte Ekintzak lagunduta dago.
Azkenik, Bilboko Koralak, abenduaren 22an eta 23an, BOSen Gabonetako Kontzertuan parte hatuko du. Koru mistoak Pucciniren “Gloria Meza” abestuko du Orkestra Sinfonikoarekin batera. Karem Kamensek zuzendari estatubatuarrak gidatuko ditu bi kontzertu horiek, eta Aquiles Machado tenorrak eta Rubén Amoretti baritonoak ere parte hartuko dute. Guztira, 110 abeslari bilduko dira Euskalduna Jauregian 19:30ean hasiko den ekitaldian.