Bilboko Koral Elkarteko koru guztiek Santa Agedaren omenezko ohiko kalejiran hartuko dute parte, datorren otsailaren 4an, larunbatean, Bilboko Alde Zaharrean zehar. Haurren Koruak, Euskeria Koruak eta Gazteen Koruak, Gurasoen Koruak eta Koralak berak, ia 250 abeslarik, ereserkiak abestuko dizkiote Santa Agedari, erritmoa haien makilekin ezartzeaz batera.
Korala, Alde Zaharrean barna, hainbat tokitan geratuko da, elkartearen 130 urteko historiarekin edo Bilboko musika-ondarearekin nolabait loturiko lekuetan, hain zuzen. Hala, koruetako kantariak Arriaga plazan bilduko dira, hamabietan. Ondoren, Mesedeetako kaleko 1. zenbakira abiatuko dira, alegia, Koralak sortu zenean, 1886an, izan zuen lehen egoitzara. Horren ostean, Santa Maria kalean barrena abestuko dute, bertan bizi izan baitzen, zendu arte, Nicolas Ledesma, Guridiren birraitona eta Koralaren aurreneko zuzendariak izan ziren Cleto Zabala eta Aureliano Valleren musika-irakaslea. La Bolsa eraikinaren parean, koruak Begoñako Amatxuren azpian kantatuko du.
Dorre kaleko 9.ean, Aureliano Valle maisua bizi izan zen, 1918ko martxoaren 22an zendu zen arte. Bilboko Koralaren bigarren zuzendaria eta Santiago Basilikako organista izan zen, aurretik Ledesma bezala. Ondoren, Korala Areatzara gerturatuko da; izan ere, 8.ean, bere laugarren egoitza izan zuen, 1917. urtera arte korua Alde Zaharrean izanda. Plaza Berrian ere abestuko dute, eta gero Unamuno plazan, non Koralak idazle sonatua oroituko duen, zeina gaztetan koruko abeslari ere izan zen, Manuel Losada margolariarekin batera.
Ibilbidean aurrera, abeslariak Somera kaleko 14.era joango dira, Juan Crisostomo Arriaga konpositorea han jaio baitzen. Azkenik, Erriberako Merkatuko sarbideetako batean bukatuko dute musika-emanaldia. Pareko sabaietako batean, mural batek Bilboko musikari profesionalak eta zaleak omentzen ditu, asko eta asko Koralaren historiari lotuak.