Martxoaren 2an, ostegunean, Musika-Música jaialdiaren inaugurazio-kontzertua izango da. Aurreko urteetan bezala, Bilboko Korala eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa izango dira protagonistak. Yaron Traub zuzendariak gidatuta, María Espada sopranoak eta Mª José Montiel mezzosopranoak abestuko dute. Emanaldia, 20:00etan hasiko dena, jaialdiaren atarikoa izango da eta ondoren, asteburuan, ehun bat kontzertu eskainiko dira.
Aurten, Musika-Músicaren izenburua “Bohemia” da, eta eskualde horretan jaiotako lau konpositoreri eskainiko zaio: Mahler, Dvorak, Smetana eta Janacek.
Koralak parte-hartze bizia izango du jaialdian. Inaugurazio-kontzertuan eskainiko duen Mahlerren “2. Sinfonia” larunbatean, 5ean , errepikatuko du, 21:00etatik aurrera. 6an, igandean, Dvoraken “Stabat Mater” eskainiko du, 17:00etatik aurrera. Kontzertu horretan, koruaren ondoan Asturiaseko Printzerriko Orkestra Sinfonikoa ariko da, Hong Kongen jaiotako Perry So zuzendariaren gidaritzapean. Bakarlariak, berriz, ondokoak izango dira: Miren Ubieta sopranoa, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Gustavo Peñas tenorra eta David Meléndez baritonoa.
Era berean, igandean, eguerdiko 12:00etan, Bilboko Koral Elkarteko Ikastetxeko piano- eta ganbera-ikasleen talde batek Dvoraken lanez osaturiko emanaldia eskainiko du. Bestetik, Bilboko Koraleko “Jesús Guridi” Orkestrak amaiera emango die emanaldiei, Kioskoan, jaialdi osoan Espainiako iparraldeko kontserbatorio profesionalen agertoki izango den horretan. Koraleko ikasleen orkestrak Olga Revuelta sopranoaren eta Gexan Etxabe baritonoaren ondoan joko du, Dvoraken eta Mahlerren obrak jota. Radu Hamzeak zuzenduko du kontzertua, igandean, 20:00etan.