Gaur goizean, Guggenheim Museoan, Bilboko Koral Elkarteak Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren oroimenezko kontzertu-zikloa aurkeztu du. Bizkaiko Foru Aldundiak babestu du proiektua, Bilboko Guggenheim Museoak eta Madrilgo Sofia Erreginaren Arte Museo Nazionalak lagunduta.
Ekitaldian, Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatua egon da, Bilboko Koral Elkarteko ordezkariekin batera; besteak beste, José Miguel Lanzagorta presidentearekin, Iñigo Alberdi gerentearekin eta Enrique Azurza zuzendari artistikoarekin. Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendariak ere parte hartu du ekitaldian.
Emanaldi hauen bidez, gerra totalaren lehenengo entsegu haietan bonbardaketa pairatu zuten gernikarrak omendu nahi dituzte. Halaber, historian hainbeste toki eta egoeratan dauden iraganeko eta etorkizuneko biktimak ere oroitu nahi dituzte.
Horretarako, Bizkaiko eta Madrilgo hiru leku enblematikotan hiruna kontzertu antolatuko dira.
Lehenengoa irailaren 22an egingo da, Gernikako Santa Maria elizan. Oso leku esanguratsua, zutik jasan izan baitzituen bonbardaketa eta suteak, eta bertatik atera zelako mundua astinduko zuen argazkia: herri eta herritar suntsitu eta erabat sarraskituena. Bilboko Koralak kontzertu berezi bat eskainiko du, hiriko hiru koruekin batera: Gaudemus Korala, Andra Mari Korala eta Seber Altube Korala
Bestalde, Europan lehenengo aldiz estreinatuko da Everlasting Light kontzertua, irailaren 28an eta 30ean Guggenheim Museoan eta Madrilgo Sofia Erregina Arte Museo Nazionalean, hurrenez hurren. Bilboko Koralak hiru bakarlarirekin abestuko du Christos Hatzis greziar-kanadar konpositoreak sortutako ikuskizun honetan, Conrado Moya marinba-jolearekin eta kristalezko kopekin batera. Bakeari kantuak eskaintzeko bi kokagune paregabe:
Alde batetik, Guggenheim Museoa, mundu-mailako kultur erreferentetako bat. Bestetik, Madrilgo Sofia Erregina Arte Museo Nazionala, egun Picassoren Gernika dagoen lekua, gerraren izugarrikeriaren eta egun hartan herri bizkaitarrak pairaturiko bonbardaketek ekarritako heriotzaren eta suntsipenaren kontrako obra.