Proposamenak oso harrera ona izan zuen iaz, eta, leku-kopuru mugatuaren ondorioz, jende asko itsasontzira igo gabe geratu zen; aurtengo bigarren edizioan, Ibaigane Jauregiko eta Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko organoak bisitatuko dira
Jarduera osteratxo batean datza, itsasontziz, Itsasadarrean barrena, eta Bilboko Koral Elkarteko organo-gelak eta bere irakasle Miriam Cepedak gidatu dute
Asteazkenean, uztailaren 10ean, 17:00etan, Bilboko Koral Elkarteko organo-ikasleek Itsasadarren inguruko eraikin ospetsuen barruan ezkutatuta dauden bi organo —Melcherrenak, ustez— ezagutzera joango dira. Ikasleez gain, aipatu instrumentura hurbildu nahi duen edonork parte hartu ahalko du ekimenean.
Jarduera Ibaiganeko Jauregian (Athletic Cluben egoitza) hasiko da. Bertan, Jesús Guridik maiz jotako organo bat aurkeztuko da, zeinaren hodiek, 100 urte igaro ostean, berriz ere dar-dar egingo duten musika-doinuen eraginez.
Bisita amaitutakoan, bertaratutakoak Pio Barojan “Ibaieder” itsasontzira igo eta Santurtziko portura abiatuko dira. Bidaian, Euskaldunako organo monumentalaren edo Mesedeetakoaren ondotik igaroko dira, hain zuzen ere, iaz, “Itsasadarreko Organoen” aurreneko edizioan, bisitatu zirenak.
Porturatu ondoren, parte-hartzaileak San Juan de Dios Ospitaleko Kaperara gerturatuko dira, 1925etik bertan egiten diren mezatan entzun daitekeen organoa ezagutzera —Ibaiganekoak baino bizitza lasaiagoa izan du—.
Ekimena 20:00etan bukatuko da, Santurtzin, eta Gondra Barandiarán Fundazioaren —bera ere Bilboko Koral Elkarteko organo-gelaren sustatzailea— babesa du, bai eta San Juan de Dios Ospitalearen, Athletic Cluben eta El Correoren laguntza ere.
Sarrerek 10 € balio dute, eta Bilboko Koral Elkartearen egoitzan (Felipe Serrate kalea 2 – San Mames aurrean) eros daitezke, 10:00etatik 14:00etara (asteazkenean bertan ere bai).