MASS

KORU BATEAN ABESTEA, ORAIN INOIZ BAINO INDARTSUAGO ETA BATUAGO

“Euskaldun bat, ahots bat; bi… orfeoia” dio esaera herrikoiak. Aitzitik, badirudi nonahiko pandemiak gure esaera zaharren bilduma ere aldatuko duela. Azken hilabeteotan, gure koruen jarduna ikaragarri murriztu da, denok ezagun dugun osasun-larrialdiaren eraginez.

 

Konfinamenduaren ostean, koru asko oraindik ez dira hasi berriz entseatzen, haien lokaletan ezin dituztelako segurtasun-tartea eta aireztapena bermatu. Beste asko ―Bilboko Koral Elkartea, kasurako― garai berriotara moldatzen ari gara, ahaleginez eta irudimenez: abeslari-kopurua txikiagotuz, entsegu partzialak eginez, beste lokal batzuk bilatuz… hori guztia gure jarduna alde batera ez uzteko helburuarekin, geurea ere ezinbesteko jarduera baita, batzuek zenbaitetan hala ez ikusi arren, tamalez (Europako beste herrialde batzuetan guk baino argiago dute).

Kantu koralean ohikotasunez aritzeak dakartzan onurak askotan aipatu izan dituzte era askotako ikerketa zientifikoek; hauexek, besteak beste: taldean abesteak depresioa arintzen du, eta ongizate fisiko eta emozionala bultzatzen; gainera, kontzentrazio mental zorrotza eskatzen du, eta hala lotura sozialak nola harreman pertsonalak sendotzen ditu. Euskal Herrian, bereziki, kantu korala sakonki errotutako tradizioa da gure kulturan. XIX. mendearen amaieran orfeoietan abesteko jarduna hasi zenetik, garapen zabala izan du joan den mende osoan eta honetan. Gaur egun ere, gure musikagile, abeslari, zuzendari eta musikari profesional onenetako asko harremanetan daude oraindik abesbatzaren batekin, beren lehen musika-urratsak egiteko aukera eskaini zieten horiekin.

Egun, hamar mila lagunek baino gehiagok abesten dute Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen barruan dauden Euskal Autonomia Erkidegoko eta Iparraldeko 350 taldetan baino gehiagotan. Gainera, koru-zuzendari asko profesionalak dira; goi-mailako ikasketak dituzte, eta elkarteek eurek kontratatzen dituzte. Aisialdiaz ari gara, bai, baina baita lan-sektore batez ere, zeinak behar espezifikoak dituen eta kontuan hartu beharra dagoen.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Laneko Segurtasun sailekin etengabe harremanetan, Abesbatzen Elkarteak segurtasun-protokolo bat prestatu du gure abesbatzetan koru-jarduna segurua izan dadin gomendio zehatzak zabaltzeko (kantarien arteko distantziak, maskaren erabilera, higiene-neurriak, etab.). Protokoloa hirugarren aldiz eguneratu da, pandemiaren bilakaerara moldatzeko, eta gure abesbatza federatu guztiak zintzoki ari dira betetzen.

Hedabide askoren alarmismo arduragabearen aurrean, koruen entseguetara joatea (zinemara, antzerkira, kontzertuetara… bezalaxe) segurua dela aldarrikatzen dugu, betiere ezarritako protokoloak errespetatzen badira. Horren froga garbia da mota honetako ekitaldietan izandako berragerraldien kopurua hutsaren hurrengoa dela. Birusari errespetua, erabatekoa; beldurra eta geldirik egotea, inola ez.

EAEko koru-mugimendu oso dinamikoa da, osasuntsu dago oso (gabeziak eta arazoak izanik ere), eta gainerako erkidegoek eredu izan ohi dute.

Asko hitz egiten da gure kantarien batez besteko adin handiaz, baina hori ez da mehatxu edo arriskutzat jo behar, baizik eta gure ohitura sozialen eta, munduan handienetakoa, gure biziraupen luzearen ondoriotzat. Gero eta pertsona gehiagok erabakitzen dute, erretiroa hartzeko adina gertu dutenean, abesbatza batean hastea edo aurreko batera itzultzea, aisialdia aberastearren; datozen urteotan, kopuru hori handitu egingo da, zalantzarik gabe. Hori da gure errealitatea, eta lanean jarraitu behar dugu gure haur eta gazteak bazterrean utzi gabe, guztion artean, koru eta federazio guztien artean, gure kantari guztiei (gazte edo ez hain gazte) koru-jardun osasungarri, emankor, artistiko eta gizatiarra garatu ahal izateko baldintza onenak eskaintzeko.

Eskaera egin nahi diegu gure administrazioei, batetik, gure jarduerari laguntzen jarrai dezaten; bestetik, orkestra publikoei, musika sinfoniko-korala eskaintzen jarrai dezaten; eta, azkenik, tokiko udalbatzei, gure taldeentzako lokalak eta baldintza egokiak ezar ditzaten. Utz dezagun gure esaera zaharren bilduma bakean eta babes dezagun denok gure koru-tradizio aberatsa, altxor zoragarri hori.

 

Enrique Azurza Aramburu

Bilboko Koral Elkartearen zuzendari artistikoa

Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen presidentea

Author Info

Coral de Bilbao