Hogei urte arrakastatsu une bakoitzera egokitzen
Gau-emanaldi irrikatu eta paregabeko honetarako sarrerak duela astebetetik daude agortuta
Euskaldunako organoaren urtemuga ospatzeko kontzertua bertako bakarlariekin eta Bilboko Koral Elkarteko ahotsik gazteenekin egingo da
Bilbon, 2020ko abenduaren 21ean. Euskaldunako organoa izango da Gabon-gauaren bezperako protagonista nagusia. Asteazken honetan, abenduaren 23an, Hiribilduko organo-panoramako esku adituenek laztandu eta Bilboko Koral Elkarteko ahotsik gazteenek babestuko dute, bilbotarrengan zirrara eragiten hogei urte daramatza ospatzeko. Horrez gain, sarrerak jada agortuta dituen omenaldian, Mikeldi Atxalandabaso tenorrak ere parte hartuko du, eta ekitaldia Xabier Payak bideratuko du.
Kontzertua Muffaten Aparatus Musico-Organisticus-eko Toccata Prima-rekin hasiko da, sarrera gisa, Bilboko Koral Elkarteko organista Alberto Sáez Puentek balkoi-kontsolatik jota. Ondoren, kontsola Euskaldunako agertoki ikusgarrian nabarmendurik, Gorka Iglesias Bilboko Katedraleko organo-jotzaileak Bachen Kontzertua Sol minor-en joko du, haren hiru mugimenduak –Allegro assai, Grave eta Presto– barne, baita Pasiniren Cantabile nº 2 gogoetatsua ere. Begoñako Basilikako organista Miriam Cepedaren txanda izango da ondoren, eta pieza hauek eskainiko dizkie entzuleei: Rutterren Tocatta in seven, Beethovenen Organo mekanikorako suite-ko Allegro-a eta Alainen Litanies. Organo-jotzaile frantsesen obrekin jarraituta, José Ramón Rodríguezek, Abandoko San Bizente Martiriaren Elizako organistak, Messiaenen La Nativité-ko bederatzigarren meditazioko Dieu parmi nous eskaini eta Bachen Wenn wir in höchsten Nöthen sein koralarekin amaituko du.
Ahotsei dagokienez, Mikeldi Atxalandabaso tenorrak Francken Panis Angelicus abestiarekin gozaraziko du publikoa, eta Adamen Cantique de Nöel piezarekin Gabon-ukitua emango dio kontzertuari. Era berean, Koral Elkarteko Haurren Koruak, Jose Luis Ormazabalek zuzenduta, C. Saint-Saënsen Ave María eta Fauréren Tantum ergo eta Maria Mater Gratiae abestuko ditu. Haien guztien ondoan, organoa jotzen, Alberto Sáez Puente izango da, zeinak, gainera, koru-erakundearen zuzendari izandako Guridiren Tríptico del Buen Pastor obrako hirugarren mugimendua eskainiko duen. Hautaketa zaindua, hortaz, Euskaldunako organoaren bikaintasuna agerian utziko duena eta ekitaldia Auditorio Nazionaleko Bach Vermut zikloaren pare jarriko duena (taldeko gaztetxoek eta haien laguntzaileak otsailean parte hartuko dute bertan).