Fair Saturday Fundazioak ezin hobeto gauzatu du fisikoaren eta birtualaren arteko elkarbizitza hau. Izan ere, asteon, FSNext delakoa abiatu du, tokiko kultur edukiak eskaintzeko ordainpeko plataforma, non sortzaileok bildutako diru-kopuruaren % 90 jasotzen dugun. Gure kanalean, honako hauek daude eskuragarri: Fauréren Requiema 360º-tan, Koru Mistoak Bilboko Katedralean abestu zuena; gure Haurren Koruak Iberdrola Dorrean eskaini zuen Gabonetako kontzertua; eta, martxoaren 20an, Gora bihotzak estreinatuko da, Euskaldunako agertokian besteak beste BOSekin, Eñaut Elorrietarekin, Izarorekin, Zea Maysekin eta Zetakekin bildu gintuen eta Euskeriako gure neskak terrazetan abesten jarri zituen emankizuna.
Izan ere, gure gazteak edozein erronkari aurre egitera ausartzen dira. Haiekin egiten ditugun jardueren artean, Bilboko Udalak esparru europarraren barruan antolaturiko “Zeharraldia-Zirku Pirinioak” esperimentazio artistikorako proiektua nabarmentzen da, zirkua nazioartera hedatzeko helburua duena; bada, hil honetan, Euskeria koruak hartuko du parte, Voel konpainiako Jordi Sierreren eskutik. Interreg-POCTEFArekin batera finantzaturiko laborategia da, artistak eta herritarrak harremanetan jartzeko, eta, berez oso aberasgarria izateaz gain, etorkizunean diziplinarteko kolaborazioak sortzeko hazia izatea espero dugu. Era berean, ezin aipatu gabe utzi Deustuko Unibertsitateko Koruaren jarduera, baita haren gidari Xabi Mendez ere. Duela aste batzuk gure baritono Julen Garcíarekin saio batean parte hartu ondoren, korua irrikan dago gure Elkarteko zuzendari artistiko Enrique Azurzarekin eta kantu-irakasle Marta Ubietarekin batera lan egiteko, datorren larunbatean, martxoaren 27an.