Saturraran

Bihar, hilaren 20an, 19:30ean, “Saturraran” estreinatuko dugu, Arriaga Antzokiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak batera ekoitzitako euskarazko opera berria. Musika-gertakizun honetan, gure koru sinfonikoak artista paregabeekin partekatuko du kartela; hasteko, konposizioaz Juan Carlos Pérez arduratu da, eta libretoa idazteaz Kirmen Uribe, biak ere azken hamarkadetako euskal kulturako sortzaile apartak. Era berean, eszena-zuzendaritza Lucía Astigarragaren esku dago, estetika abstraktuarekin sinpletasunaren edertasuna nabarmentzen duena eta libretoak gogora dakarren alderdi onirikoari erreparatzen laguntzen duena. Gainera, operak gaztelaniazko eta ingelesezko azpitituluak izango ditu.

Saturrarani buruzko istorio honetan, kondairak dio hondartzako bi haitzak maitaleak direla, elkar maitatzea galarazi zien gizarte bateko maitaleak, uretan itota hil zirenak, eta haietatik gerora beren oroimenezko bi arroka handi sortu zirela. Ane, itsas zabaleko arrantzale baten alaba, eta Luna, furgonetan etorritako andaluziarra, oroitzeko bi arroka.  80ko hamarkadan, heroinaren zurrunbiloan harrapatuta eta bizilagunen gaitzespena sentituta, Saturrarango espetxearen hondarretan babestea erabaki zuten. José, Aneren aita alarguna, haiei laguntzen saiatuko da. Desberdina dena onartzeko zailtasuna, heroinaren eta hiesaren oldarra, eta arrantzaren munduaren gainbehera.

Saturraran aske izaten irakatsi zigun belaunaldi galduari eskainitako omenaldia da, eta lehen mailako antzezle eta musikariekin interpretatuko dugu: BOS, Elías Arranz, Andrea Jiménez, Marifé Nogales, José Manuel Díaz, Botond Ódor, Aitor Garitano, Itxaro Mentxaka eta Iñigo Fernández, denok ere Jon Malaxetxebarriaren zuzendaritzapean.

Author Info

Nekane Díaz