György Ligetiren Requiemak irekiko du OCNEren irekiera-programa, Espainiako Musika Auditorium Nazionalean, irailaren 23, 24 eta 25ean
David Afkham maisuaren zuzendaritzapean, Bilboko Koral Elkarteak OCNErekin, Madrilgo Erkidegoko Koruarekin, eta Jenny Daviet (sopranoa) eta Barbara Kozelj (mezzosopranoa) bakarlariekin bat egingo du
Madril, 2022ko irailaren 22a. Bihar ostiralean (hilak 23), larunbatean (hilak 24) eta igandean (hilak 25), Bilboko Koral Elkarteko 50 koralista Madrilgo Musika Auditorium Nazionalaren harmailan eseriko dira, Koru Nazionaleko 80rekin eta Madrilgo Erkidegoko Koruko 20rekin, OCNEren denboraldi-hasiera ikusgarria dela-eta.
Irekiera-programa denboraldi honetan 100 urte beteko dituen György Ligetiren Requiemak eta Richar Straussen orkestrarako azken obra sinfonikoak (Eine Alpensinfonie, op. 64, TrV 233 ─Alpeetako Sinfonia─) osatuko dute. Musika inspiratzaileok entzulearengan entzumenetik harago doazen zirrarak pizten dituzte eta soinu-mundu berriak gogora ekartzen dituzte. Izan ere, Ligetiren Requiemak literalki “ikaratu” egin zituen obra interpretatu zuten lehen pertsonak: haien koru-maisuak konpositoreari telegrafiatu zion entseguetan, laguntza eske. Arrazoia? Alderdi koralak planteatzen zituen zailtasun titanikoak, ordura arte ezezagun ziren konplexutasuna eta trinkotasuna zutenak. Halere, abangoardiako musika izanik ere, Ligetiren Requiema gai da entzuleak masiboki liluratzeko; horren adibide da Stanley Kubrickek 2001: Odisea espazioan filmean erabili izana.
Era berean, Bilboko taldea bigarren koru gisa arituko da Dies Irae interpretatzen ─Requiemeko hirugarren mugimendua, oso zaila dena─. Partitura horren berri 2003an OCNE eta Josep Ponsekin Madrilen estreinaldi nazionala egin zuenean izan zuen. Urte horretan bertan, Santanderreko Jaialdian eta Donostiako Musika Hamabostaldian errepikatu zuen balentria.
Oraingoan, konpositore hungariarraren katalogoko eta XX. mendearen bigarren erdiko musikako obra nagusi hau David Afkhamek zuzenduko du. Orkestraren titularra parte hartzen duten interprete guztiekin ari da lanean aste honetan, beren indibidualtasunean hautemanezin bihurtzen diren trama mikropolifonikoen gainjartze trinkoa gidatzen.
Sarrerak www.entradasinaem.es webgunean edo Espainiako Musika Auditorium Nazionaleko leihatiletan eros daitezke, eta, denboraldi honetako nobedade gisa, “azken minutuko” sarrerak auditoriumeko gune guztietara zabaldu dira, 30 urtetik beherakoentzat. Sarrerak 5 euroan erosi ahal izango dira kontzertua hasi baino ordubete lehenago, Espainiako Musika Auditorium Nazionaleko leihatiletan, eskuragarritasunaren arabera.