BACH VERMUT

Larunbata, 2022ko urtarrilak 29. 10:00ak. Madril. Auditorium Nazionala. SOLD OUT. Xaramelak eta barre ia eutsiezinak entzuten dira. Begi erne eta distiratsuak aurpegi logaletuetan, hotelean gaua kirioak dantzan eman ondoren. Bilboko Koral Elkarteko Haurren Korua, 55 kidez osatua -konfinamenduek nahi baino baja gehiago eragin dituzte-, areto sinfonikorako bidean doa korridoreetan barrena. Han, Alberto Sáez Puentek bikainki jotzen duen organoa dute zain, eta, gaurkoan, koralistek eta organo-jotzaileak rolak aldatuko dituzte: laguntzailea izan ohi dena lagundua izango da. Izan ere, koruak babestuta, gure bakarlaria Bach Vermut zikloko protagonista da, Bachen musika gidari organo-kontzertuak eta ondoren, jazz-erritmoz girotuta, aperitifak (oraingoz, bertan behera daude) eskaintzen dituen ekimenekoa, alegia. Ez dugu ezkutatuko ikusminak jota gaudela, urtebete baino gehiago eman baitugu une honen zain; bi urte, COVIDak eragindako atzerapenak kontuan hartuta. 12:30ean, besaulkian goxo, Passacaglia piezaren lehen notak eta organorako Fuga entzun ditugu. Leipzigeko maisuaren erakustaldi tekniko itzela. Jarraian, agertokiak zeruaren urdin-kolorea hartu du, uniformearen kolorea, maskara zuriekin argiztatuta Fauréren hiru obra eskaintzeko: Maria Mater Gratiae, Ave Verum eta Tantum ergo. Gero, berriro organoa besterik entzuten ez dela, haurrak Brahmsen O Gott du frommer Gott zirraragarria entzuteko eseri dira. Korua oholtzara itzulita, atseden apur bat eman digu Saint-Saënsekin eta Ave María eta Sub tuum praesidium piezekin, eta, jarraian, Guridiren Tríptico del Buen Pastor eskaini digu. Herriminak egile beraren Madrigal ekarri digu, a capella, eta amaitzeko, korua eta organoa bat eginda, Bachen -bestela ezin zitekeen bezala- Herr Christ der ein’ge Gottessohn obraz gozatu dugu. Kontzertua amaituta, etxerako bidaia hasi aurretik, bazkaldu eta El Retiro parkean pasiera egin dugu. Azkarregi joan da dena… berriro hasiko bagina?

Author Info

Coral de Bilbao