Bilboko Korala izan zen estatuko lehena emakumeak onartzen

1905eko urriko entseguetan, Bilboko Koralak “andereñoen atala” estreinatu zuen, emakumezko 27 ahotsekin, zeina Bilboko Koraleko Koru Mistoaren hozia izango zen. Talde horretan abestu zuten andrazko haiek 1906ko martxoaren 24an eta 27an, Arriaga Antzokian. Emakumeak koruan sartu zirenean, ehun koralista bildu ziren Koralean, urte bukaeran guztira 284 lagun izanda. Halere, kritikak etengabeak izan ziren, eta urte batzuk igaro ziren egoera normalizatu zen arte. Emakumeen atalak soilik abesten zuen koruan emanaldiak eta kontzertuak Bilbon eskaintzen zirenean, eta salbuespenez, “goi-mailako arrazoi artistikoengatik”. Koruarekin batera hiritik kanpora joaten ziren Elkarteko Batzar Nagusiak ezohiko saioan proiektua egokia zela erabakiz gero.

 

Koruan emakumeak onartzeko ideia ia Koralaren sorreraz batera jaio zen. Hala, 1887an, Korala sortu eta urtebetera, 26 “andereñoren” kolaborazioa lortu zen Nicolás Ledesmaren “Stabat Mater” erlijio-kontzertuan abesteko. Kritikak izugarriak izan ziren, baina Koralaren arduradunek “merituzko bazkide” gisa onartu zituzten: ez zuten ordaintzen, baina ez zituzten bazkide jaunen eskubideak. 1891n, solfeo-ikasgai berezia sortu zen emakume haientzat, barne-mailan ere errezelo ugari izan arren, baina hala orfeoiko kide bihurtu ziren eta gizonekoen eskubide berak erdietsi zituzten. Arazo gehiago izan zituzten eta onarpen ezak krisia larriagotu zuen; ondorioz, ez zuten gehiegitan abestu. Gauzak horrela, 1993an, “andereñoen atala” desagertu egin zen, eta haurren korua sortu, haien ahots zuriekin andrazkoen beharrik izan gabe errepertorioari aurre egin ahal izateko. Frantzian, Alemanian eta Suedian, bazeuden zenbait koru misto bikain Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia, Berliozen Requiema, Mozarten, Saint-Saënsen… lanak kantatzeko. Aitzindariak ziren koruen esparruan.

 

Halere, 1906tik, Koralaren zuzendari Aureliano Vallek emakumezko ahotsak nahi zituen koruan katalogo koral sinfoniko zabalari heldu ahal izateko. Azkenean, lortu zuen, eta formatu hori bere egin zuen estatuko lehen korua izan zen. Koru mistoa sortu izanari esker, hurrengo 10 urteetan Koralak 12 obra handi estreinatu ahal izan zituen Espainian, besteak beste J. Brahmsen “Requiem Alemana”, J. S. Bachen “Pasioa San Mateoren arabera” eta H. Berliozen “Faustoren Kondenazioa”, hala nola Cesar Frank, Robert Schumann, Richard Wagner edo George Bizeten hainbat lan ere. Harrezkero, sopranoek, kontraltoek eta mezzosopranoek beren lekua izan dute Koraleko harmailetan.

 

1911n, herrialde batzuetan Emakume Langileari eskainitako aldarrikapenezko lehen eguna ospatu zen. Espainian, ordea, hirurogeita hamar urte baino gehiago joan behar izan ziren egun hori ospatzeko. Gaur, “Emakumearen Egunean”, gogora ditzagun lerro hauen bidez “27 andereño” haiek, beren ahotsak Bilboko orfeoiko koruari batzeko ausardia izan zuten haiek, bai eta korua emakumeei ireki zieten gizon adoretsuak ere, andrazkoen kantuarekin batera edertasun handiagoa lortu nahi izan zuten haiek, hain zuzen.

Author Info

Coral de Bilbao