Bilboko Koral Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BAEk Bizkaia kantuan antolatu dute lurraldeko kantu korala sustatzeko
Zikloaren helburua da hilabete luzez isilik egon diren abesbatzen jarduera berrabiatzea eta haien artean harremanak sortzea
Zirkuituaren barruan, hiru urtean hiru kontzertu eskainiko dira, urtero, Bizkaiko eskualdeetako hainbat udalerritan
Bilbon, 2021eko urriaren 15ean. Asteburu honetan hasiko da Bilboko Koral Elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta BAE – Bizkaiko Abesbatzen Elkartearen laguntzarekin sustaturiko Bizkaia Kantuan kontzertu-zikloa. Ekimenaren xedea da hala abesbatzen lana nola haien arteko lankidetza bultzatzea. Horretarako, Lore Rouco konpositoreak kontzertuetako protagonistek elkarrekin abesteko ereserkia bat sortu du, emanaldiei amaiera bikaina eman diezaieten. Abesbatzak askotarikoak izango dira, hots, jatorri, genero, estilo eta adin desberdinetakoak. Zikloa igande honetan hasiko da, 19:00etan, Gorlizko Sortzez Garbiaren Parrokian, non ahots mistoko hiru koruk herri-errepertorioko kantak abestuko dituzten, Euskal Folkloreko hautaketa zaindua nabarmenduta, eranskinean zehaztua, hain zuzen ere.
Anfitrioia Gorlizko Lirain abesbatza izango da, 20 ahots mistoz osatua eta Loli Igartuak zuzendua. Erlijio-musika, herrikoia eta modernoa biltzen dituen errepertorio zabala du, eta, 1994. urteaz geroztik, Habaneren eta Euskal Polifoniaren Jaialdia antolatzen du urtero. 1992an sortua, ia 30 urteko ibilbidean herriko kultur jarduera ugaritan parte hartu izan du, baita bertako elizako elizkizunetan gorliztarrei abestuz lagundu ere. Begoñako Aste Koralean eta BAEren Udaberriko Kontzertuetan aritu da, hala nola Torreviejako XLII. Habanera Lehiaketan eta ETBko Ahotsak saioan.
Ondoren, Algortako Irutasun abesbatzaren txanda izango da, 38 ahots mistoz osatua eta Inge Condek zuzendua. Erlijio-musikako, klasikoko eta herrikoiko obrak kantatzen ditu, baita Gabon-kantak eta era guztietako musika korala ere. Antonio Artetxe aita hirukoiztarrak sortu zuen, 1978an, bere inguruko musika korala sustatzeko asmoz, Algortako Hirutasun Santuaren Parrokiako kultu-ekitaldietan hasita. Egun, aktiboki parte hartzen du Bizkaian antolatzen diren koru-emanaldietan: Begoñako Aste Korala, BAEren Udaberriko Kontzertuak, Getxoko Abesbatzen Eguna, Gabonetako kontzertuak, etab.
Azkenik, eta ekimen honetan denek batera kantatzeko propio konposaturiko Bizkaia kantuan abestia eskaini aurretik, Bilboko Koral Elkartea izango dugu agertokian. 1886an sortua, ehun urtetik gorako erakundeak ehun kide baino gehiago ditu egun, eta Estatuko zein nazioarteko orkestra nagusiekin aritu izan da. 2016tik, Enrique Azurza da haren zuzendari artistikoa, eta koralak, bai Bizkaian bai bertatik kanpo eginiko ibilbide sinfonikoaz gain, arreta berezia jarri izan dio beti euskal musikarien lanari. Ohiko talde aktiboa da lurraldeko agertokietan, Euskaldunan eta Arriaga Antzokian, kasu.
Hurrengo hitzorduak Basaurin eta Lekeition izango dira, azaroaren 6an eta 20an. Bigarren kontzertuan, Bilboko Koral Elkarteko Haurren Korua, Basauriko Soinu bidea Abesbatza eta Galdakaoko Maximo Morenoren Abesbatza elkartuko dira; hirugarrenean, berriz, Bilboko Koral Elkarteko Euskeria gazteen korua, Lekeitioko Kantakai Korala eta Markinako Emeki Korala. Kontzertu guztietarako sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte, eta abeslariek maskara jantzita kantatuko dute, indarrean den araudiari jarraikiz.
Bizkaia kantuan | Gorliz
Urriak 17 | 19:00
Sortzez Garbiaren Parrokia
Lirain Abesbatza
Zuz.: Loli Igartua
Solamente una vez, Agustín Lara
Eperrarena, Tomás Garbizu
Viva tutte le Vezzose, Felice Giardini
Dicen que se muere el mar, Joaquín Madurga Otriza
Jeiki Jeiki, Herrikoia
Irutasun Abesbatza
Zuz.: Inge Conde
Ilunabarra, Ignacio Mokoroa
So ben mi ch’a bon tempo, Orazio Vecchi
En mi viejo San Juan, Popular
Come again, John Dowland
Hego haizea, Miguel Maria Azpiazu
Bilboko Koral Elkartea
Zuz.: Enrique Azurza
Pianoa: Alberto Sáez
Maitia, nun zira?, Arm. José de Uruñuela
Indianas: Gala del día / Una de dos, Carlos Guastavino
Maitena operako segalarien korua, Charles Colin
Aurtxoa seaskan, Gabriel Olaizola
Brindis de Traviata, Giuseppe Verdi
TUTTI
Bizkaia kantuan, Lore Rouco