Bilboko Udalak musikaz beteko ditu hiriko auzoak, Bilboko Korala Gertutik zikloa abiatuta
Kontzertuak Bilboko Koral Elkarteko hainbat taldek eskainiko dituzte, eta BM Supermerkatuak-en eta El Correo egunkariaren babesa izango dute
Maiatzeko eta ekaineko hainbat ostiral eta larunbatetan, hiriko artistek doako errezitalak eskainiko dituzte, 20:00etan
Bilbon, 2022ko maiatzaren 5ean. Bilboko Udalak Bilboko Korala Gertutik zikloaren zazpigarren edizioa abiatuko du, zeina, beti bezala, Bilboko Koral Elkartearekin batera garatuko duen, hiriko hainbat barrutitan kontzertuak eskaintzeko. Doako emanaldiak 20:00etan izango dira, auzoetako elizetan, eta aipatu musika-erakundeko koruetako eta instrumentu-taldeetako bertoko 200 kide baino gehiago bilduko dituzte.
Kontzertu-ziklo honen helburua da publikoarengan, oro har, musika koralarekiko zaletasuna sustatzea eta Bilboko Koral Elkarteak herri-agertokietan egiten duen lan akademiko eta artistikoa erakustea. Udal-ekimenari BM Supermerkatuak, Bilboko barrutietan oso hedatuta dagoen enpresa-taldea, eta El Correo, komunikazio-arloko aliatu gisa, batu zaizkio.
Hasiera Jesús Guridi orkestrak emango dio, maiatzaren 7an, larunbatean, Zorrotzako Ama Mirarigilearen Elizan, egitarau zabala joz: Peer Gynten Suite, Intxaur-hauskailua eta errepertorio euskalduneko Oñazez eta Euskal Festara, besteak beste.
Hurrengo emanaldia Euskeriako gazteek, Deustuko Unibertsitateko Abesbatzak eta Ibarrekolanda BHIko koruak eskainiko dute, denak ere Bilboko Koral Elkartearen babespean. Abandon izango da, Aita Jesuiten Egoitzan, maiatzaren 20an, ostiralean, eta erlijio-musikako obrak, a capella abestuak eta pianoaz lagundutakoak kantatuko dituzte.
Maiatzaren 27an, ostiralean, zikloaren erdialdera iritsita, koruen anaia zaharrak, alegia, koru mistoak, besteren artean Fauréren, Haydnen, Aita Donostiaren eta Usandizagaren obrak abestuko ditu Iralabarriko San Antonio Elizan; gainera, abestien artean, organo-interludioak izango dira.
Ekainaren 10ean, ostiralean, Alegro Abesbatzaren eta Gorabide Koralaren alaitasuna eta grina Basurtuko Sortzez Garbiaren Eliza osoan zabalduko dira, herri-kantutegiko doinu tipikoen eta kontzertu honetarako propio sortutako koreografien bitartez.
Zikloari amaiera emateko, ekainaren 17an, ostiralean, organo-ikasleek Santa Monika Monasterioan joko dute; bilkura zoragarria aurtengo ikasturtean egindako lanaz gozatzeko.