Bilboko Korala Gertutik zikloa musika-jaialdi bihurtu da, bertako talentua nabarmentzeko eta Bizkaian kultura sustatzeko

Bilboko Udalak eta Bilboko Koral Elkarteak BKG zikloaren ondoz ondoko zazpigarren edizioa aurkeztu dute

 

300 interpretek baino gehiagok hartuko dute parte hiriko zenbait barrutitan egingo diren doako sei kontzertuetan

 

Bilboko Udalak eta Bilboko Koral Elkarteak zazpigarren aldiz jarraian berritu dute Bilboko Korala Gertutik zikloa. Hala, 2023ko maiatzean eta ekainean, Bilboko Koral Elkarteko koruetan eta instrumentu-taldeetan parte hartzen duten 300 interpretek baino gehiagok sei kontzertu eskainiko dituzte hiriko zenbait barrutitan, eta, horrela, bai tokiko talentua bai erakundearen lan akademiko eta artistikoa agerian jarriko dituzte. Oraingoan ere, BM Supermerkatuak-ek eta El Correo egunkariak ekimenarekin bat egin dute, kultura hiriko auzoetara hurbilduz musika sustatzeko eta zabaltzeko helburuz. Hortaz, hainbat asteburutan 20:00etan eskainiko diren emanaldietarako sarrerak doakoak izango dira. 

 

Lehena maiatzaren 19an izango da, ostiralean, Txurdinagako Santa Monika monasterioan: Euskeria Koruak eta Deustuko Unibertsitateko Abesbatzak, gazte-taldeak biak ere, Urko Sangronizen eta Xabier M. Aretxabaletaren zuzendaritzapean, hurrenez hurren, banakako egitarauak kantatuko dituzte, eta, amaieran, biak batera ariko dira. Bigarren kontzertuan, maiatzaren 20an, Iralabarriko San Antonio elizan, Bilboko Koral Elkarteak organo-ikasleekin hartuko du parte, Enrique Azurzak zuzenduta. Hirugarrena, maiatzaren 21ean, Uribarriko Fontecha eta Salazar elizan izango da, non Musika Ikastegiko ikasleek osatutako Aureliano Valle eta Jesús Guridi orkestrek joko duten.

 

Ekainean, zikloak Alegro Abesbatzaren eta Gorabide Koralaren grinarekin jarraituko du aurrera, Emma Lópezek zuzenduta, Basurtuko Sortzez Garbiaren elizan, ekainaren 2an. Hurrengo egunean, ekainaren 3an, Abandoko San Bizente Martiriaren elizan, Kantu Sarea aurkeztuko da Bilboko Koral Elkarteko haurren koruekin, Lauro Ikastolarekin, Eskolapioak ikastetxearekin eta Lizeo frantziarrarekin, Jose Luis Ormazabalek zuzenduta eta Ander Marzanak pianoaz lagunduta. Azkenik, ekainaren 10ean, Deustuko San Felicisimo elizan, kantu koraleko topaketa egingo da zikloari amaiera bikaina emateko, Eskolan Kantari gizarte- eta musika-proiektuan parte hartzen duten 200 umeren baino gehiagoren parte-hartzearekin, guztiak ere Angeles Custodios ikastetxeko, Deusto Eskolako, Elejaberri Eskolako, Uribarri Eskolako, Mujika Eskolako, Tiboli Eskolako, Basauri Basozelai Eskolako, Mimetiz Eskolako edo San Pedro Apostol Ikastetxeko ikasleak.

Author Info

Nekane Díaz