Mahler III | Euskadiko Orkestra

Mahlerren ‘Hirugarren’ ikaragarriarekin ekingo dio Euskadiko Orkestrak Kontzertu Denboraldiari Bilboko Koral Elkartearekin

Robert Treviñok zuzenduko du Mahlerren ‘3. Sinfonia’,  Euskadiko Orkestraren Denboraldi berria —bizi-esperientzien bidez mundua sortzen eta eraldatzen duen gizakia erdigunean jartzen duena— inauguratzeko lan ezin hobea. Bilboko Koral Elkarteko emakume- eta haur-abesbatzek eta Justina Gringyte mezzosopranoak jarriko diote ahotsa obra handi honi.  Euskadiko Orkestrak Kontzertu Denboraldiari ekingo dio Gustav Mahlerri eta haren Hirugarren Sinfoniari oso-osoki eskainitako programa batekin, Robert Treviñok zuzenduko duena, eta datozen egunotan ohiko lau hiriburuetan izango dena: ostiralean, irailak 29Gasteizko Principal Antzokian; larunbatean, irailak 30Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehen eta asteazkenean, urriak 2 eta 4Donostiako Kursaal Auditoriumean; eta asteartean, urriak 4Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

Gustav Mahlerrek honako hau idatzi zuen bere 3. Sinfoniari buruz: “Imajina ezazu unibertso osoa islatzeko gaitasuna duen obra handi bat”. Obra honekin Robert Treviñok beste urrats bat egin du bere helburuan: Mahlerren ziklo sinfonikoa zenbait denboralditan osatzea. Izan ere, bohemiarraren musika bere espezialitate bihurtu baitu azken urte hauetan Treviñok, bere orkestra ondoan duela. Konpositore guztien artean, Mahler izan zen musikaren botere eraldatzailea hobekien ulertu zuenetako bat, eta gizakiaren bizitzako ibilbidea eta haren etapak, nahiak eta kezkak islatzen dituzten sinfonia zabaletan gauzatu zuen. Treviñoren hitzetan, Mahlerren sinfonia hau “konpositorearen lanik luzeena eta erromantizismoaren garaiko luzeenetakoa da. Sei mugimenduren bidez, Mahlerrek norbanakoaren eta taldearen erantzukizuna hartzera gonbidatzen gaitu, bizitza betierekotasuna balitz bezala bizi dezagun; materia fisikotik maitasunerako bidaia filosofikoa da, Nietzscheri eta gizakiari omenaldi argia eginez”.

Bilboko Koral Elkarteko ehun emakume eta haurrek bat egingo dute orkestrarekin Mahlerren Hirugarrenari aurre egiteko. Obra honek koru labur baina zorrotza du emakumeen ahotsentzat, lau zatitan banatuta. Mahlerrek ahots-baliabide sorta bat zabaltzen du, hala nola muturreko tesiturak pianisimoan, erregistro eta bolumen aldaketa konstanteak, eta modulazio azkarrak. Emakumezkoen ahotsekin orekatu behar den haurren abesbatza bat ere badago, eta emaitza amaierako koru zirraragarri bat da, argiz eta alaitasunez betea, indarrez dardaratzen dena.

Nola tamainaz hala iraupenez itzela den Hirugarren Sinfoniak naturako indarrei, landareei, animaliei eta gizakiari egiten die kantu, eta horretan laguntzeko Justina Gringyte mezzosopranoa izango du ondoan Euskadiko Orkestrak. Lituaniarrak duela gutxi parte hartu zuen orkestraren Kontzertu Denboraldian, aldi hartan Mahlerren Bigarrenaren interpretazioan.

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.

Author Info

Nekane Díaz