Bilbon, 2018ko abenduaren 10ean.
Lorea Bilbao Euskara eta Kultura Diputatuak, Alvaro Irueta Euskal Herrian eta Kantabrian CaixaBankeko Erakundeen zuzendariak, Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkartearen gerenteak eta Emma López Eskolan kantariren koordinatzaileak, alegia, Koral Elkartearen gizarte- eta hezkuntza-proiektuarenak, Gabonetako Soinuak kontzertua aurkeztu dute, gaur, Bilbon: Bizkaiko kantari gazteek bederatzigarren urtez jarraian jarriko diete ahotsa Gabonei.
Kontzertua, larunbat honetan, abenduaren 15ean, Euskalduna Jauregian, 19:00etan, Bilboko Koral Elkarteak antolatuta dago, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta “la Caixa” bankuaren Gizarte Ekintzaren laguntzarekin. Ikuskizuna dagoeneko finkatuta dago Hiriko Gabonetako egitarauan, eta lurralde osoko artistak eta ikusleak biltzen ditu.
Bilboko Koral Elkarteko Haurren Koruko, Gernikako Gaudeamus Koraleko eta Leioako Kantika Koraleko artistez gain, aurten Eskolan Kantari proiektuko haurrek ere parte hartuko dute, guztiak Bilboko hiru ikastetxe hauetakoak: Kontxa Eskola, Deusto Eskola eta Hijas de la Cruz Ikastetxea.
Ordu eta erdian, ikusleek hainbat abestiz gozatu ahal izango dute, esate baterako, Ding-a Ding, Birjina maite, El Tamborilero, Olentzero, Didazka zeruan, Salut printemps, Kaipaava, Tha Thin Tha, beste kanta koral batzuen artean, guztiak ere Bilboko Koral Elkarteko Haurren Koruko, Gernikako Gaudeamus Koraleko eta Leioako Kantika Koraleko kideek abestuta José Luis Ormazabal, Julia Foruria eta Basilio Astulezen zuzendaritzapean, hurrenez hurren.
Horrez gain, Gabonetako Soinuak kontzertuaren edizio honetako berritasuna da Eskolan kantariko, Bilboko Koral Elkartearen gizarte- eta hezkuntza-proiektuko, haurrak batuko zaizkiela. Ekimen hori duela bi urte jaio zen, koru-prestakuntza eramateko eskolaz kanpoko musika-jarduerarik ez zuten irakaskuntza orokorreko ikastetxeetara.
Era berean, eta jarduera hori ikasturte osoan garatzen bada ere, urteko sasoi honetan denok egoten gara sentiberago giza beroa adierazteko, elkarri entzuteko, elkartasuna agertzeko eta auzolanean aritzeko. Musikak, oro har, eta kantu koralak, bereziki, dituzten bertuteez ziur, Bilboko Koral Elkarteak kulturen arteko elkarrizketa sustatu nahi du, agertoki berean modu aktiboan, irudimentsuan eta harmonikoan parte hartzeko aukera duten ahotsak bat eginda.
Hala, koru nagusi bakoitzak bakarka abestu ostean, partaide guztiek batera Huachito torito, Stille nacht / Aurtxo maite eta Jingle bell rock Gabon-kantak abestuko dituzte; azkenik, kontzertuari amaiera emateko, ikusleak Hator hator kantatzera gonbidatuko dituzte.
Familiaz gozatzeko emanaldi zirraragarri honetarako sarrerek 5 € eta 15 € arteko prezioa dute, eta dagoeneko salgai daude Euskalduna Jauregiko leihatilan eta online (https://www.euskalduna.eus/eu/ekitaldiak/gabonetako-soinuak-2018/).