Gabonetako Soinuak Bizkaiko ahots gazteenekin itzuliko da

Kontzertu koral jendetsuak COVID-19aren kontrako prebentzio-neurri guztiak beteko ditu

Gabonetako soinuak berriz entzungo dira Euskaldunan, CaixaBanken, “la Caixa” Fundazioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin

Bilbon, 2020ko abenduaren 15ean. Larunbat honetan, abenduaren 19an, Bizkaiko ahots gazteenak Euskaldunara itzuliko dira Gabonetan; hamar edizio jarraian egin ostean, dagoeneko bigarren etxea dute jauregia. CaixaBanken, “La Caixa” Fundazioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker, auditoriumeko agertokia ezarritako edukiera-mugara arte  beteko da Bilbo, Leioa eta Gernikako ehun koralista gaztez baino gehiagoz. Hiru taldeek bereizita abestuko dute, berrogeita hamar laguneko taldetan, betiere metro eta erdiko distantziari eutsita eta maskara babeslea jantzita.

Kontzertuak besaulki-patiotik munduko beste txoko batzuetara eramango ditu ikusleak, eta, hala, iparraldeko parajeez, Karibeko beroaz, harmonia britainiar finez eta geure folkloreaz gozatu ahal izango dute. Hasteko, Bilboko Koral Elkarteko Haurren Koruak, Jose Luis Ormazabalek zuzenduta eta Alberto Sáez Puentek pianoaz lagunduta, Ruth Morris Grayren Christmas Canon of Peace abestuko du, hala nola Kirby Shaw-Donald Mooreren Can I ride?, Montes, valles y oteros (Aragoiko kanta herrikoia, Emma Lópezek moldatua) eta, amaitzeko, Tomás Aragüesen Haurtxo maite. Ondoren, Leioa Kantika Koralaren txanda izango da, Basilio Astulezen zuzendaritzapean eta Itziar Bilbao, Ander Lekue, Unai García eta Ane Arakistainekin; denek batera, zirrara eragingo dute publikoarengan honako abesti hauek kantatuz: Tadeja Vulcen O Sapientia, Ola Gjeiloren Northern lights, Anna Mari Kähärären By the light of the moon eta Juan Tony Guzmánen ¡Llega la Navidad! Hirugarrenik, Gernikako Gaudeamus Koralak, Jon Artetxe, Ania Cid, Nerea Quincoces eta Julia Foruria buruan, Gernikako Marijesiak abestuko du, Jesús María Sagarnak moldatua, bai eta Charles Gounoden Ave Maria, Ilka Kuusistoren The land of music eta George Michaelen Last Christmas ere. Azkenik, talde guztietako kideek beren ahotsa batu eta Xabier Sarasolak kontzertu honetarako propio konposaturiko Hator hator estreinatuko dute.

Abeslari-aldaketa horiek guztiak gazteak agertokian elkarrekin gurutzatu gabe egingo dira, tutti-aren unea iritsi arte, non eskarmentu handieneko berrogei koralistak besaulki-patioko terrazetan jarriko diren ikusleentzako sarreratik ez beste batetik sartuta. Kontaktua ahalik eta gehiena saihesteko, ez da eskuko egitaraurik izango; koru bakoitzaren errepertorioa eta aurkezpena alboko pantailetan azalduko dira, baita Eskolan kantari Bilboko Koral Elkartearen gizarte- eta hezkuntza- proiektuari dagozkion irudiak ere. Egitasmo horretako koruetan parte hartzen duten kideek oraindik ezin izan dute koru-prestakuntza jasotzen jarraitu, eskolaz kanpoko jarduera delako, baina urrunetik aritu dira lanean azken kantuan bideo bidez bat egiteko.

Kontzertu honetan, txikienen ilusioak helduak kutsatzen ditu, eta Xabier Madariagaren eskutik, hark bideratuko baitu ekitaldia, publikoak giro magikoaz gozatu ahal izango du. Bi emanaldi daude aurreikusita, 17:00etan eta 19:30ean, eta sarrerak Euskaldunako leihatilan daude salgai, 15 euroko prezio bakarrean.

 

Author Info

Coral de Bilbao