GABONETAKO SOINUAK 2022

Bizkaiko ahots gazteak berriz entzungo dira Gabonetako Soinuak kontzertuan

Aurten, lurraldeko abesbatza-harrobiko taldeak Gabonak pizteko batzen dituen ekitaldiak hamahirugarren edizioa izango du

Bilbo, Gernika eta Leioako abeslariek berriro abestuko dute elkarrekin Bilboko Koral Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta CaixaBank – “la Caixa” Fundazioak sustatutako kontzertuan

Bilbon, 2022ko azaroaren 29an. Gabonetako Soinuak, Euskaldunako programazioan hamabi urte daramatzan Gabonetako kontzertua, berriz elkartzeko gogoz itzuliko da datorren igandean, abenduaren 18an, 19:00etan. Proposamen ezaguna, Bilboko Koral Elkartean sortu zena eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta CaixaBank – “la Caixa” Fundazioaren babesa duena, ezinbesteko hitzordua da abesbatzen agendetan. Ekitaldi jendetsuak Bilboko Koral Elkarteko Haurren Koruko, Gernikako Gaudeamus Koraleko eta Leioako Kantika Koraleko ahotsak batzen ditu. Goi-mailako hiru taldeak oso ezberdinak badira ere, interes bera dute: abestea. Eskolan Kantari gizarte- eta hezkuntza-proiektuak bezalaxe, alegia, Koral Elkarteak ikastetxeetan koruak sortzeko duela sei urte sustatu zuenak, zeinak Haurren Koruko kideekin batera Gabon-kantak abestuko dituen eta eskarmentu handiko abesbatzen ondoan amaierako tutti-an parte hartuko duen.

Bilboko Koral Elkarteko Haurren Koruak emango dio hasiera emanaldiari, Jose Luis Ormazabalen zuzendaritzapean eta pianoan Ander Marzanak lagunduta. Hainbat obra abestuko ditu, hala nola Jim Papoulisen There is peace, Dan Forresten The first noel, A-Haren Take on me eta Dubula alaia, besteak beste. Amaitzeko, Kanta gabon kanta suitea eskainiko du, Eskolan Kantariko ehun haur inguruk lagunduta, denak ere Tiboli Eskola, Deusto Ikastetxea edo Basozelai-Gaztelu Ikastetxekoak. Emma Lópezek harmonizatutako lan honetan, moldatzailea bera, Mirari Fernández eta Tatiana Garrido izango dituzte ondoan, pianoa, txeloa eta kanpaiak jotzen, hurrenez hurren.

Ondoren, Gernikako Gaudeamus Koralak talde bilbotarren lekukoa hartu eta Julia Foruriaren zuzendaritzapean abestuko du, honako musikari hauek inguratuta: Olatz Telletxea bakarlaria, Jon Artetxe eta Mikel Andoni Mingo pianistak, Xabier Alberdi txelo-jotzailea, eta Nerea Quincoces, Irati Zabala, Amets Villalibre, Ander Larrozea eta Joane Zabala perkusionistak. Denek batera, Dante Andreoren Ave Maria, Jerry Estesen Adoramus te – Gloria in Excelsis Deo, Iker Gonzalezen Neguaren baitan, Valery Gavrilinen Mama, eta Josu Elberdinen Last Christmas eta All I want for Christmas is you kantuen bertsio ezagunak eskainiko dituzte.

Kantika Koralaren txanda izango da gero, Basilio Astúlez buruan, Luis López pianoan eta Ander Lekue perkusioan dituela, eta publikoa obra hauekin gozaraziko du: Henry Purcellen Music for a while, Haizea Lorenzo bakarlariarekin; Samo Vovken Tana Solbici; Michael Engelhardten Gaudete!, Yaiza Santolaria, Gaizka Olea eta Beñat Díaz perkusionistekin; Ivo Antogniniren Wah-Bah-Doo-Bee; eta, azkenik, Katerina Gimonen Fire.

Azkenik, hiru taldeek Campana sobre campana Gabon-kanta ezaguna batera abestu ondoren, amaiera bikaina emateko Eskolan Kantariko haurrak, kontzertua lehen ilaran entzun ondoren, berriro igoko dira oholtzara Hator hator kantatzeko, Gabonetako Soinuaken edizio guztietan Euskaldunako publikoa zirrararazten (eta abesarazten) duen abesti tradizionala, hain zuzen ere. Ekitaldia, atsedenaldirik gabe 90 minutu ingurukoa, Xabier Madariagak aurkeztu eta bideratuko du. Sarrerak Euskaldunako leihatila fisiko eta birtualean eros daitezke, 15 €-an.

 

ESKOLAN KANTARI

Eskolan Kantari Bilboko Koral Elkarteak 2016an sortutako gizarte- eta hezkuntza-proiektua da, musika korala gizarte-bazterkeria jasateko arriskupeko ikasleak dituzten ikastetxeetara hurbiltzeko. Urte hauetan, proiektua gero eta gehiago hazi da, eta, egun, ehun ikaslek baino gehiagok parte hartzen dute, 2022/2023 ikasturtean ikastetxe hauetakoek, zehazki: Basozelai Gaztelu (40), Ángeles Custodios Ikastetxea (40), San Pedro Apóstol Ikastetxea (24), Uribarri Eskola (28), Mujika Eskola (11), Tiboli Eskola (14), Elejabarri HLHI (12), Deustu HLHI (35), Txurdinaga HLHI (60) eta Ibarrekolanda BHI (20). Parte-hartzaileek koru-prestakuntza jasotzen dute, astero, Bilboko Koral Elkarteko irakasleen eskutik, zeinak ikastetxeetara joanda ikaskideen aurrean egiteko jarduerak prestatzen dituzten ikasleekin, korua jarduera akademikoan txertatuta. Gainera, entzunaretoetan egiten diren kontzertuetan ere hartzen dute parte, Euskaldunan edo Arriaga Antzokian, esaterako, eta Musika-Músicaren moduko goi-mailako kontzertu eta jaialdietan ere bai.

 

BILBOKO KORAL ELKARTEKO HAURREN KORUA

Bilboko Koral Elkarteko Haurren Korua 1984an sortu zen, kantua txiki-txikitatik bultzatzeko asmoz. 1994tik, Jose Luis Ormazabal da haren zuzendaria, eta, ia hogeita hamar urte hauetan, koral elkarteko koru sinfonikoa elikatzen duen koru-harrobia sortzea lortu du. Talde gaztea ohikoa da Euskal Herriko kantu koralaren eszenan, dela a capella kontzertuetan, dela askotariko ikuskizunetan, Brittenen War Réquiem lanean, kasu, Calixto Bieitoren zuzendaritzapean, baina baita hemendik kanpokoan ere: Ravennako Alighieri Antzokian aritu da, Marseillako Ballet Nazionalarekin batera, hala nola Bartzelonako Musika Jauregian, Sevillako Maestranzan, Madrilgo  Errege Antzokian eta Auditorium Nazionalean, non duela gutxi Bach Vermut zikloan parte hartu duen. Halaber, estatuko orkestrekin batera abestu izan du, JONDE, ONE eta Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin, kasu, bai eta nazioartekoekin ere: Royal Philharmonic Orchestra eta Mariinsky Antzokiko Operako Orkestra, besteren artean, errepertorio sinfonikoari edota operakoari helduta, zeinen artean hauek nabarmentzen diren: I Pagliacci, R. Leoncavallorena; Carmen, G. Bizetena; Mirentxu, J. Guridirena; Noeren uholdea, B. Brittenena; Boris Godunov, M. Mussorgskyrena; eta Tosca, Turandot eta La Bohème, G. Puccinirenak.

 

GAUDEAMUS KORALA GERNIKA

Gaudeamus Korala Urdaibai eskualdeko ahots zuriz osatutako abesbatza da, egoitza Gernika-Lumon duena. Julia Foruriak sortua eta zuzendua, 25 urte baino gehiago daramatza ibilbide itzela egiten. Parte hartu izan duen Estatuko eta nazioarteko lehiaketa ugarien artean, aipatzekoa da “World Choir Games” sarietan lehenengoa lortu zuela, 2008an Gratzen, eta 2016ko Sotxiko Joko Olinpikoetan, berriz, urrezko domina olinpikoa polifonia-modalitatean. 2019an, Nafarroako Abesbatza Nazionalen a capella IV. Lehiaketan parte hartu zuen, polifonia- eta folklore-modalitatean, eta 2. postuan sailkatzeaz gain, folkloreko obraren interpretaziorik onenaren saria eskuratu zuen. Haurrentzako bi ipuin abestu ditu, biak ere David Azurzarenak, Hurkus errementaria eta Zer duzu Laika, bigarrena Bernardo Atxagaren hitzekin, bai eta Johann Sebastian Bachen Eguberrietako Oratorioa ere, Diego Martín-Etxebarriaren eta Calixto Bietoren zuzendaritzapean. Berriki, Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenaren harira, Lakrimosa performancea estreinatu du, Jon Artetxek konposatua, Aukera dantza-konpainiarekin batera eta Edu Muruamendiarazen zuzendaritzapean; eta Gernika 85 ere bai, bonbardaketaren biktimen omenezko proiektu sinfonikoa, BOSekin, Evelyn Glennierekin eta Aitor Etxebarriarekin. Horrez gain, joan den urrian, Berliner Philharmonien abestu zuen, “Chorelspace festival choir” orkestrak lagunduta, Elena Sharkovaren zuzendaritzapean.

 

LEIOA KANTIKA KORALA

Leioa Kantika Korala, Basilio Astulezek zuzendua, nazioarteko haur-koru entzutetsuenetakoa da. Bere arrasto artistikoa Europan, Amerikan eta Asian utzi du, han egindako kontzertu, jaialdi, bira, disko-, -irrati- eta telebista-grabaketa ugarietan, eta sari asko eta asko ere jaso ditu. Bereizgarri ditu maila artistiko bikaina, sonoritate eta musikaltasun liluragarria, egitarau berritzailea, eta koreografia koloretsu eta dinamikoak. 2000. urtean sortua, Leioako Musika Kontserbatorioan, 50 musika-ikaslek osatzen dute, hainbat espezialitate eta adinetakoak eurak. 15 herrialdetan baino gehiagotan izan da, eta 20 sari baino gehiago jaso ditu nazio-mailako eta nazioarteko jaialdietan. Kantika sarri kolaboratzen du orkestrekin, zuzendari gonbidatuekin eta bakarlariekin, eta maiz parte hartu ohi du operaren munduan edo askotariko denboraldi eta ziklo musikaletan. Zazpi disko grabatu ditu, eta eskaini dituen hainbat emanaldi erkidego- eta estatu-mailako telebistetan eman dira. Korala datorren World Symposium on Choral Music jaialdian parte hartzeko hautatua izan da, 2023ko apirilean Istanbulen (Turkia). Nazioarteko proiekziorik handiena dutenetako bat, jaialdi honetan mundu osoko hamar abesbatzak baino ez dute parte hartzen, eta Istanbulekoan Leioa Kantika Korala izango da Espainiako Estatuko ordezkari bakarra.

Author Info

Coral de Bilbao