“Gabonetako Soinuek” Euskalduna Jauregia beteko dute datorren abenduaren 22an Bizkaiko ahots zuriek osaturiko hiru koru nabarmenenetako 170 haur eta gazteren ahotsekin. Elkarren segidako seigarren urtez, Bilboko Koral Elkarteko Haurren Korua, Leioa Kantika eta Gaudemus Korala izango dira Gabonetako Soinuak kontzertuko protagonistak. Ikuskizuna Euskara eta Kultura Foru Sailak antolatzen du eta “La Caixa”ko Gizarte Ekintzaren laguntza dauka.
Bilboko Koral Elkarteko haurren taldeak emango dio hasiera Leo Delibes, Xabier Sarasola, Norberto Almandoz eta Paul Halleyren obrak eskainiz. José Luis Ormazabalek zuzenduko du korua eta Anus Cividian pianista eta Bilboko Koraleko ikasleek osaturiko ganbera-talde bat izango ditu ondoan.
Leioa Kantika Korala ariko da bigarrenik. Basilio Astulezek zuzenduriko taldeak Kocsár, Sariola, Dahl, Butler, Matsushita eta González Sarmientoren obrak abestuko ditu. Koruarekin batera Itziar Bilbao pianistak, Jone Miren Elorduy txelo-jotzaileak eta Elur Arrieta perkusionistak jardungo dute.
Gernika Gaudeamus Koralak emango dio amaiera bakarkako emanaldien txandari. Gernikako taldeak Juria Foruria zuzendari titularraren aginduetara abestuko ditu Gavrilin, David Azurza, Alcaraz, Wilcocks, Dante Andreo eta Jon Artetxeren obrak. Pianoan Jon Artexe bera izango dute ondoan, hala nola haize-instrumentuko hirukote bat eta Elur Arrietaren perkusioa.
Kontzertuari amaiera emateko, hiru koruak agertokian batu eta Josu Elberdin konpositore gipuzkoarraren “Jingle Bells Rock” lana abestuko dute.
Emanaldia 19:00etan hasiko da eta sarrerak 5 eta 15 euro bitartean salduko dira.