Teresa Berganza mezzosopranoa izan zen F. Mendelssohnen “Udako gau bateko Ametsa” obraren bertsioaren narratzailea. Kontzertu horrekin eman zitzaion amaiera Musika-Música jaialdiari. Koraleko emakumeen koruak harekin eta Chorus Musicus Kölneko andrazkoekin partekatu zuen agertokia, hala nola Das Neue Orchester orkestrarekin eta Christoph Spering zuzendari alemanarekin.
Abeslari madrildarra, 83 urtekoa bera, izan zen iluntzeko protagonista handia. Beraren antzezpenak eta keinuek auditoriuma bete zuen publikoa liluratu zuten. Teresa Berganzak aitortu zuen aparteko zirrara eragin ziola publikoarekin berriz elkartzeak, izan ere, 10 urte zeramatzan oholtzara igo gabe.
Koralak berriz hartu zuen parte jaialdiaren aurtengo edizioan, eta Mendelssohnen “Elias” obraren interpretazio zoragarria nabarmendu zen, Chorus Musicus Köln eta Das Neue Orchesterrekin batera Christoph Speringen zuzendaritzapean eskaini zutena igandean bertan goizean.