MAITENA, PANDEMIA-GARAIAN GRABATZEN

Bilboko Koral Elkartea eta BOS elkarrekin, baina ez nahasirik, ari dira berriro lanean, euskal pastoral lirikoa berreskuratzeko asmoz

COVID-19aren ondorioz ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak direla eta, Euskalopera proiektuan murgilduta dagoen talde artistikoa bereizita grabatzen ari da ahots- eta instrumentu-atalak, ondoren IBS Classics estudioan nahasiko direnak

Bilbon, 2020ko irailaren 2an. BOSen entsegu-aretoa grabazio-estudio bihurtu da, IBS Artist diskoetxearen eskutik, Maitena opera grabatzeko, Bilboko Koral Elkarteak sustaturiko Euskalopera proiektuaren barruan. Euskal opera berreskuratzeko ekimen honek Petronorren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa dauka, eta inguruneko lehen mailako abeslariz eta musikariz osaturiko talde batek gauzatuko du.

Uztailean egindako bakarkako eta atalen araberako lan-saioen ondoren, Iker Sánchezek Rubén Fernández Aguirreren aholkularitzarekin zuzentzen duen taldea berriro elkartu da Euskaldunan, Charles Colinek Etienne Decrepten libretoa oinarri konposatu zuen Maitena pastoral lirikoaren etxerako buelta disko batean jasotzeko. Bilboko Koral Elkarteak duela mende bat baino gehiago estreinatu zuen obraren berreskuratze-prozesuan, Ángel Briz editoreak ere parte hartu du, opera egun grabatzeko zuzenduz eta egokituz.

Iker Sánchez zuzendariarentzat, Maitena operaren grabazioa erronka hirukoitza da: alde batetik, gure ondarea berreskuratzeak duen balioagatik; bestetik, opera bat hain denbora gutxian plazaratzeagatik, grabatzen den arte normalean asteak ematen baitira lanean eta antzezpenetan; eta, azkenik, egungo egoeran lan egiteak dakartzan oztopoengatik. Sánchezen beraren esanetan, “soinudun puzzle hau osatzea malabarismo-lana da: abeslariak bananduta eta bereizita grabatzen ari gara, espazioan egokitzeko ia denborarik ez dutela, kalderoien irteeretan, dinamiketan, tempoetan… sor daitezkeen zailtasunekin, baina, hala ere, entseguen bizitasuna eta lehen irudiak ikusita, baikor eta gogotsu nago: azken emaitza biribila izango dela sentitzen dut”.

Gainera, Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkarteko kudeatzaileak zera gogoratu: “Maitenak berebiziko garrantzia  dauka euskal musikaren istorian. Euskeraz idatzitako operen artean garai berri baten hasera suposatzen du, Bilboko Koral Elkartearen buitzadari esker sortua. Musikaren istoriari buruzko liburu guztiak Maitena aipatzen dute baina orain arte ez zegoen inungo grabaketarik, zorionez hemendik aurrera musika eder honestaz disfrutatu ahal izango dugu”.

Era berean, Rubén Fernández Aguirre proiektuko aholkulari artistikoaren ustez, une egokian gaude lana gauzatzeko. Izan ere, oso gutxitan egiten dute bat espazioan eta denboran Maitena operan parte hartzen ari diren abeslarien mailako artistek; kasu honetan, Fernándezek berak hautatu ditu, eta, orkestra heldu aurretik, haiekin lan egitek.

Maitena
Miren Urbieta-Vega soprano donostiarra espainiar abeslari onentzat jo zuten 2014ko Francesc Viñas Kantu Lehiaketan; 2015ean, Abeslari Berri Onena izan zen Teatro Campoamor sari lirikoetan; 2012an, 2. saria eskuratu zuen Bilboko Nazioarteko Kantu Lehiaketan; eta 2016an, 3. saria Concours Médoc Bordeaux lehiaketan. Liù (Turandot) abestu du OLBEn, Valentziako Palau de les Artsen eta Madrilgo Teatro Realen; Donna Elvira (Don Giovanni), Adina (L ‘Elisir d’ Amore) eta Marguerite (Faust) Opera Oviedon; eta Arminda (La Finta Giardiniera), Annina (La Traviata) eta Inés (La Favorite) Gran Teatre del Liceun. Gainera, El Caserío, Katiuska eta Luisa Fernanda zarzuelak antzeztu ditu, eta, duela gutxi, bere lehen diskoa grabatu du, Ametsetan, Rubén Fernández Aguirre pianistarekin batera, IBS Classical zigilurako.

Chaadiñ
Marifé Nogales mezzosoprano gipuzkoarrak Musikenen egin zituen goi-mailako kantu-ikasketak, besteak beste Maite Arruabarrena, Alejandro Zabala, Ana María Sanchez eta Maciej Pikulskirekin. Ahots-hobekuntzarako eta errepertorio-arloko hainbat ikastarotan parte hartu du, Ana Luisa Chova, Isabel Rey, Enrique Viana, Rubén Fernández Aguirre, Itziar Barredo eta Ricardo Visus irakasle paregabeekin. Halaber, jaialdi entzutetsu hauetan abestu izan du: Donostiako Musika Hamabostaldia, Granadako Nazioarteko Jaialdia, Peraladako Musika Jaialdia, bai eta Teatro Real, Gran Teatre del Liceu, Lisboako Teatro Nacional São Carlos, Oviedoko Teatro Opera, Teatro de la Maestranza, Arriaga Antzokia, Teatro de la Zarzuela, ABAO edo Teatros del Canal antzokietako denboraldietan ere, betiere zuzendari garrantzitsuen gidaritzapean: Patrick Fournillier, Marco Armiliato, Michele Mariotti, Teodor Currentzis, Alberto Zedda, Ottavio Dantone, Pietro Rizzo, Lionel Bringuier, Vasily Petrenko, Miquel Ortega, Pedro Halffter, Jesús López Cobos eta Friedrich Haider, besteak beste.

Domingo
Mikeldi Atxalandabaso euskal tenorrak, Bilboko Koral Elkartearen enbaxadore eta haren Maitena sariaren irabazleak, aldi berean jardun izan du nazioarteko unean uneko agerpenetan eta estatuko agertokietan ohikotasunez, besteren artean Bilbon, A Coruñan, Oviedon eta Madrilgo Teatro de la Zarzuelan eta Teatro Realen. Azken horretan, obra ugaritan parte hartu izan du, Roméo et Juliette, I due foscari, Die Zauberflöte eta Carmen lanetan, kasu. Bere paper nabarmenen artean, Ruodi (Guillaume Tell) aipa genezake; hain zuzen, horrekin debutatu zuen, Holandako Opera Nazionalean, Paolo Carignaniren zuzendaritzapean, eta gero berriz antzeztu zuen, Turingo Teatro Region, Gianandrea Nosedarekin eta Gianluigi Gelmettirekin batera, bai eta Montecarloko Operarekin ere Parisko Théâtre des Champs-Elysées barne hartu zuen bira batean. Beste paper aipagarri bat Dr. Caius (Falstaff) da, Symphonieorchester des Bayerischen Rundfunks orkestra sinfonikoarekin abestua, Daniel Hardingek zuzenduta, edo Spoletta (Tosca), Christian Thielemannek zuzenduta Salzburgoko Jaialdiko Orkestrarekin.

Batichta
Javier Tomé tenorra Bilbon jaio zen, eta, 2009an, beka bat eskuratu zuen Valentziako Palau de les Arts Reina Sofíako “Plácido Domingo Perfekzionatze Zentroan”. 2010ean, lehenengo saria lortu zuen Trevisoko “Toti Dal Monte” Nazioarteko Txapelketaren XL. edizioan. Ondoko lan hauetan, arrakasta handia izan du: La traviata (Alfredo), Teatro Comunale di Bolognan, Liejako Opéra Royal de Wallonien eta Veneziako Teatro La Fenicen; El Dúo de la Africana (Giuseppini), Bilboko Arriaga Antzokian eta Oviedoko  Teatro Campoamorren; etab.

Ganich
José Manuel Díaz baritonoa Bilbon jaio zen, Bilboko Koral Elkartearen enbaxadore eta haren Maitena sariaren irabazleak, eta hiriko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ikasi zuen, non notarik onenak lortu zituen. Gero, Italian jarraitu zuen bere burua prestatzen. Hainbat nazioarteko kantu-txapelketatan, finalista eta sariduna izan da. Opera ugaritan parte hartu du, Espainiako antzoki garrantzitsuenetan, eta, aldi berean, abeslaria ere bada kontzertu eta oratorioetan, musika garaikidea ere jorratzen du, eta zarzuela-emanaldietan parte hartzen du.

Piarrés
Fernando Latorre baxu-baritono bizkaitarra goi-mailako tituluduna da konposizioan, orkestrazioan eta musika-pedagogian, eta Karrera Amaierako Saria eskuratu zuen kantuan eta konposizioan. Piano- eta biola-ikasketak aldi berean egin zituen, eta bere prestakuntza Franco Corelli, Jaume Aragall eta Alfredo Krausekin areagotu zuen. Milango Teatro alla Scalako Opera Koruko eta Koru Filarmonikoko kide izan da. Gaur egun, ohiko gonbidatua da estatuko eta nazioarteko denboraldi liriko eta sinfoniko garrantzitsuenetan, besteak beste Antoni Ros Marbà, Erik Nielsen, Jesús López Cobos eta Alberto Zedda zuzendarien esanetara. Hauek dira bere lan nagusietako batzuk: Andrea Chenier (Mathieu eta Roucher), ABAOn eta La Maestranzan, hurrenez hurren; Mendi-Mendiyan (Kaiku), Kursaalen; Cosi fan Tutte (Don Alfonso), Irunen; L´elisir d´amore (Dulcamara), Iruñean; La Bohème (Benoit), Liceun; Don Carlo (Frate), El Escorialen; eta Tosca (Sagristano), Polonian.

Segalari
Alberto Abete tenor bilbotarra bigarren hezkuntzako ingeles-irakaslea da, baita, aldi berean, Bilboko Koral Elkarteko abeslaria ere, duela ia berrogei urtetik. Hamasei urte zituenetik koru mistoko kide aktibo, zuzendari paregabeen esanetara kantatu izan du, besteak beste: Mstislav Rostropóvich, Antoni Ros Marbá, Michel Plasson, Víctor Pablo Pérez eta Juanjo Mena; eta agertokietan Espainiako ia orkestra guztiekin eta nazioarteko askorekin aritu izan da, Portugalgo Irrati-Difusio Orkestra, Bordel-Akitaniako Orkestra Nazionalak, BBCko Orkestra Sinfonikoa, Royal Philarmonic Orchestra eta Tokyo Metropolitan Symphonic Orchestrarekin, zenbait nabarmentzearren. Eskarmentu horri esker, sarri parte hartu izan du ekoizpen profesionaletan, Brittenen War Requiem obran, kasu, Arriaga Antzokian, Calixto Bieitok zuzenduta; gainera, bakarlaria ere izan da, aipatu antzokian, Juan Crisóstomoren Stabat Mater lanean, Francisco Escuderoren Gernika operan, Musika Hamabostaldian, eta Fair Saturdayren inaugurazio-ekitaldian, Bilbao Arenan.

Segalari
Estíbaliz Sánchez sopranoa Barakaldon jaio zen, eta bertako kontserbatorioan egin zituen gitarra klasiko ikasketak. Ondoren, Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga kontserbatorioan kantu-prestakuntza jaso zuen, Olatz Saitua sopranoaren eskutik. Egun, Marta Ubieta sopranoarekin jarraitzen du bere burua prestatzen. Halaber, Ana Luisa Chova eta David Menéndez entzutetsuen eskola magistralak jaso izan ditu. Horrez gain, Bilboko Koral Elkarteko koralista da, non bakarlari aritu ohi da. Azpimarratzekoa da 2019ko Bilboko Aste Nagusian Mónica Naranjoren kontzertuan izan zuen parte-hartzea, BOSekin batera, baita Bilboko Katedralean COVID-19aren biktimen omenez Fauréren Réquiem obraren “in memoriam” grabazioan eta 360 º-ko hedapenean egindako lana ere.

Iker Sánchez irundarrak lotura handia du lurraldearekin, Donostian musika-prestakuntza jasotzen hasi zenetik eta 2006an bi denboralditarako lehiaketa irabazi ondoren Bilboko Orkestra Sinfonikoan zuzendari laguntzaile lanetan bere ibilbide profesionala hasi zuen arte bertan aritu izan baitzen; egun, harreman estua du orkestrarekin. Era berean, zazpi urtez, EIO Orkestra gaztearen zuzendari titularra izan da, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko kontserbatorio guztietako ikasleak prestatzeko sortutako talde sinfonikoarena, hain zuzen. Gaur egun, Bilbao Sinfoniettaren zuzendari artistikoa eta OPUS Lírica konpainiaren zuzendari titularra da. 2007an Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera egindako estreinaldi arrakastatsuaren ondoren, hainbat orkestra sonatu zuzendu izan ditu: Kataluniako eta Bartzelonako Orkestra Nazionala, Asturiasko Printzerrikoa, Tenerifeko Sinfonikoa, Portoko Casa da Música Sinfonikoa, Oviedo Filarmonía, Montenegroko Sinfonikoa, Bayonne-Côte Basque Orkestra, Concentus Alius Berlín, Berlingo Humboldt Unibertsitateko Orkestra eta Gasteizko Ganbara Orkestra. 

Author Info

Nekane Díaz