Maitena etorkizunerako entzungai, berriro

Bilboko Koral Elkartearen estreinaldi historikoetako bat, askok ahotan izandakoa eta gutxik entzundakoa

Mende batez ahaztuta egon ondoren, Maitena etxera itzuli da, pandemia-garaian grabatua eta CD bikoitzean jasoa, Ibs Classicalek Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Inaemen eta Petronorren laguntzari esker ekoitzita

 

Bilbon, 2021eko irailaren 8an. Bilboko Koral Elkarteak, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) eta bakarlari-talde zaindu batekin batera, non Miren Urbieta-Vega sopranoa, Mikeldi Atxalandabaso tenorra, Marifé Nogales mezzosopranoa, José Manuel Díaz baritonoa, Fernando Latorre baxua, Javier Tomé tenorra, Estíbaliz Sánchez sopranoa eta Alberto Abete tenorra nagusitzen diren, euskal antzerkigintza lirikoko lehen operetako bat entzunaraziko du berriro: Maitena. Ruben Fernández Aguirrek aholkatuta eta Iker Sánchezek zuzenduta, ordu eta erdiko musika-lana gauzatzea lortu dute, maskara jantzita eta segurtasun-tarteari eutsita, Ibs Classicalek ekoitzitako CD bikoitzean, entzulea XX. mendearen hasierako Lapurdiko landa-eremura eramango duen horretan. Era berean, Charles Colinen eskuizkribuan oinarrituriko partitura berreskuratzeko, Ángel Brizen lana ezinbestekoa izan da, bai eta Joxemari Iturralderena eta Nora Francorena ere Étienne Decrepten testua berrikusteko eta transkribatzeko orduan.

 

Kalitate artistiko handia, erakundeek babestua, “Euskal operaren kanpainak” berriz egiteko eta Euskal Opera berezko genero gisa birsortzeko indarrak batu baitituzte. Ondarea berreskuratzeko proiektu honek euskal errepertorio lirikoko partitura oso garrantzitsu bat balioesten du, musikologo askok mugarritzat jotzen dutena eta, orain arte erregistratu gabe zegoenez, oso gutxik entzuna zutena. Hala, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia, eremu publikoan, Inaem – Kultura Ministerioarekin batera, eta Petronor, enpresa pribatua, mezenas eta babesle izan dira asmo handiko eta beharrezko proiektu honetan.

Aipatu bidelagun horien guztien artean, Bilboko Arte Ederren Museoaren eta Eresbilen lankidetza ere nabarmendu behar da. Izan ere, lehenengoak azaleko irudia erreproduzitzeko baimena eman du, Aurelio Artetaren Sardina-saltzailea eserita, hain zuzen ere; bigarrenak, musikaren euskal artxiboak, alegia, dagokion testuinguruan kokatu du obra, haren aurrekarien eta oihartzun historikoaren berri emanda.

Eresbilen aburuz, Maitenaren grabazioa Euskal Opera asmo handiko proiektuaren parte gisa aurkeztea albiste bikaina da. Halaber, erakundearen zuzendari Pello Leiñenaren hitzetan, “jakin badakigu obraren grabazio eta edizio osorik ez izateak ahalegin handia eskatu duela, bai ekoizpenari dagokionez (partituraren transkripzio berria eginda) bai maila artistikoan, eta, zalantzarik gabe, ospatu egin behar dugu. Zorionak, berriz ere, Bilboko Koral Elkarteari, Bilbao Orkestra Sinfonikoari eta abeslariei grabazio honengatik, horrela berriro dugulako esku artean eta berriro balioesten ari garelako bere garaian arrakasta handia izan zuen eta orain ere arrakastatsua izatea espero dugun opera hau”.

Iker Sánchez zuzendariaren esanetan, Maitena gauzatu izanak ilusio ikaragarria sentiarazten dio, eta lanaren sorkuntza-prozesuaren hastapenera eramaten du, duela urtebetera, hain zuzen, ” eta hau urtea. Gai izan gara asmo handiko proiektu hau nota onez burutzeko, parte hartu duen pertsona-kopuru handia ez ezik, obraren edukia eta xedea ere aintzat hartuta. Gure ondarea ezagutzera ematea eta euskarazko orri liriko ederrak erakutsi ahal izatea, lan diskografiko zaindu honen bitartez, egundoko mugarria da”.

Bilbao Orkestra Sinfonikoaren arabera, Lapurdin idatzitako Maitena euskal pastoral lirikoaren grabazioan parte hartu izana oso garrantzitsua da. Izan ere, “horrela, euskaldunon musika-ondarea zabaltzeko eta ezagutzera emateko gure konpromisoa, historikoa, betetzen ari gara. Horrez gain, proiektua Bilboko Koral Elkartearekin batera gauzatu dugu, gurekin elkarlanean mende bat daramanarekin eta, gainera, obra hau estreinatu zuenarekin, hain zuzen ere. Orobat, obra grabatu duten abeslarien artean, gure lagun asko daude, gurekin sarri eta ondo lan egin izan dutenak”. Era berean, orkestraren zuzendari Ibon Aranbarrik errepikatu duenez, “horrek guztiak proiektua oso geurea dela sentiarazten digu; bertan parte hartu beharra genuen, eta erabat bat dator euskal kulturaren alde lan egiteko gure konpromisoarekin”.

Ibs Classicali dagokionez, CD bikoitz honen nazioarteko banaketa nabarmendu beharra dago, horrela Maitena, musika, interpretatzaileak eta euskara mundu osoko txoko guztietara iritsiko baita. Hala azpimarratu du diskoetxearen zuzendari Paco Moyak, izan ere, “Maitena dagoeneko badago NGL (Naxos Global Logistic) nazioarteko banatzailearen biltegietan, Munichen, eta handik hainbat lurraldetara abiatuko da. Zenbait herrialdek, Alemania, AEB, Japonia, Ingalaterra, Herbehereak eta Kanadak, besteak beste, arreta berezia jartzen dute gure musikan, eta hango publikoek musika espainiarraren gaineko interesa agertu ohi dute”.

 

 

Estreinaldian izandako arrakasta itzelak eta euskal geografian zehar eskainitako emanaldi ugarietan eragindako oihartzun apartak euskal operaren idealean paratu zuten Maitena, baita orain ere, egungo panoramaren barruan. CDa Ibs Classical diskoetxearen katalogoaren eta Deia egunkariaren bidez, irailaren 12tik (igandea) aurrera, 19,95 euroan. Banaketa digitala, ostera, irailaren 24an aurkeztuko da nazioarteko hogeita hamar ataritan baino gehiagotan, besteak beste Spotify, Naxos, YouTube, iTunes, Google play eta eclassical nabarmenetan.

Author Info

Nekane Díaz