Koruen arteko euskal derbia ostiral honetan izango da, urriaren 11n, Euskaltzaindiaren 100. urteurrenaren ospakizunen baitan
Kontzertua Euskaltzaindiaren mendeurrenaren karietara Euskal Herri osoan zabalduriko Mende Berria kantuz zikloko bosgarrena izango da
Datorren ostiralean, urriaren 11n, koruen arteko euskal derbia izango da, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Euskaltzaindiaren mendeurrenaren ospakizunen baitan. Halako urtebetetze berezirako, Bilboko Koral Elkarteak Mende Berria Kantuz izeneko zikloa antolatu du.
2018ko urritik egiten ari dira, eta hil honen amaieran izango da azkena, Iparraldean. Aurrena, baina, Arantzazuko santutegian duela urtebete zikloari hasiera eman zion koruak Victoria Eugenia Antzokian abestuko du; lehenago, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako lurraldeetan egin du, tokian tokiko koruekin batera.
Denok ezagun dugun errepertorioa, korurako moldatu dena eta jazz-konboa dakarrena, Bilboko Koral Elkarteko gazteek (Euskeria) eta Donostiako Orfeoikoek (Orfeoi Gazte) abestuko dute. Entzuleek kanta hauetaz gozatu ahal izango dute: Bizkaia Maite, Aitormena, Sarri Sarri, Lau Teilatu, Ilargia, Euritan Dantzan, besteak beste. Konpositoreak, Enrike Txurrukak, teklatua joko du emanaldian, eta Mikel Bikandik gitarra, Mikel Azkargortak baxua eta Guillermo Sanzek bateria. Zuzendari, berriz, Urko Sangroniz (Euskeria) eta Esteban Urzelai (Orfeoi Gazte) ariko dira. Horrez gain, ekitaldia Maddalen Arzallus bertsolariak, bertsolaritzan etorkizun oparoko gazteak, gidatuko du.
Mende Berria Kantuz egitasmoak Euskaltzaindiak 100 urte hauetan egindako lana nabarmentzea du helburu, baina, aldi berean, topagune izan nahi du zenbait taldetako interpreteentzat, beren familientzat eta, oro har, publiko euskaldunarentzat. Horrekin batera, pertsona horien guztien arteko elkarrekintza bultzatzeko asmoa du.
Sarrerak:
https://www.victoriaeugenia.eus/programacion/espectaculo.php?evento=85452
Audiobisualak: