MIRENTXU
ERRESEINA HISTORIKOA
Mirentxu, Jesús Guridiren lehen obra eszenikoa, 1910eko maiatzaren 31n estreinatu zen, Bilboko Campos Elíseos Antzokian, konpositoreak berak zuzenduta orkestra eta Bilboko Koral Elkartea, enkarguaren komisarioa. Obra Bilbon kokatuta dago, XX. mendearen hasierako industria-, ontzigintza- eta finantza-goraldi betean, eta, inolako konplexutasunik gabea badirudi ere, ertz ugariko gaiak jorratzen ditu, euskal landa-inguruneko gizartearen ikuspegi idealizatuari eta naturarekin duen loturari heltzen baitie berriro. Lan honek, beste kontu batzuen artean, maitasun endogenoa, kristautasun berreroslea eta sentimenduen garbitasuna ditu hizpide, eta euskaraz adierazten ditu, zehazki landa-inguruneko hizkeraz. 37 urtean, Guridik behin baino gehiagotan berrikusi eta findu zuen Mirentxu, bere konpositore-ibilbidean izandako bilakaerara eta bere bizitza pertsonalean gertatutako aldaketetara egokitzeko. Parisen jaso zuen musika-prestakuntza eta José María Usandizagaren eragina funtsezkoak izan ziren haren garapenean. Gerra Zibilaren ondoren, Guridi Madrilera joan zen bizitzera, non konpositore eta zuzendari gisa aitorpen handia izan zuen. Amaya eta El Caserío obra nabarmenekin, Espainiako musika klasikoan ondare diren horiekin, ekarpen handia egin zion musika espainiarrari.
ARGUMENTUA
Mirentxu opera, euskal landa-eremuan girotua, bi ekitalditan banatuta dago, eta, maitasuna, jeloskortasuna eta sakrifizioa jorratuz, pertsonaia nagusien inguruko istorio hunkigarria kontatzen du. Lehen ekitaldian, paraje menditsu baten erdian, errota bat, zubi bat, baratze bat eta intxaurrondo bat ageri dira. Pertsonaia nagusiak lau dira: Mirentxu, haren aita Manu errotaria, Mirentxurekin batera hazitako Raimundo gaztea eta Txantonen biloba Presen. Mirentxu eta Raimundo maitemindu egingo dira, eta horrek jeloskortasuna eta zorigaitza sortuko dizkio Preseni. Bigarren ekitaldian, neguan, pertsonaiek beren sentimendu eta gatazkei aurre egingo diete. Mirentxu hobeto dago osasunez, baina Raimundok oraindik ere baditu Presenekiko sentimenduak. Manu beldur da Mirentxuren osasunak ez ote duen okerrera egingo, eta Raimundori bere benetako maitasuna Presen izan dela beti aitortuko dio. Era berean, Presenek jakinaraziko dio Raimundori bera maite duela, eta gizona zeharo aztoratuta geratuko da. Mirentxu Santa Ageda bezperan hilko da, haurrez eta bizilagunez inguratuta. Haren azken hatsean, Raimundo eta Presen adiskidetu egingo dira, eta opera emozioz betetako eszena hunkigarriarekin bukatuko da.
TALDE ARTISTIKOA
Bilboko Koral Elkartea
Jose Luis Ormazabal, Haurren Koruaren zuzendaria
Enrique Azurza, Koru Sinfonikoaren zuzendaria
BOS – Bilbao Orkestra Sinfonikoa*
Unai Urrecho, zuzendaria
Vanessa Goikoetxea, sopranoa (Mirentxu)
Carmen Artaza, mezzosopranoa (Presen)
Gillen Munguía, tenorra (Raimundo)
Damián del Castillo, baritonoa (Txanton)
Julen García, baritonoa (Manu)
Adriana Fernández, tiplea (Bixente)
Maren Sastre, tiplea (Teodoro)
Urko Sangroniz, baritonoa (artzaina)
BIOGRAFIAK
Unai Urrecho zuzendariak, Arrasaten jaioak, orkestra garrantzitsuak zuzendu ditu Asian eta Europan. Saigon Philharmonic Orchestrako ohorezko zuzendaria eta Hego Koreako Suwongo Unibertsitateko irakaslea da. Bere musika-ibilbidea orkestran joz hasi zuen, Boston Symphony Orchestrarekin eta beste batzuekin kolaboratuz. Musika-ikasketak bere jaioterrian eta Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan egin zituen, aho batez Bikain nota eta Ohorezko Saria jasota; ondoren, Estatu Batuetan jarraitu zituen, bekekin, non aitorpenak jaso zituen. Orkestra prestigiotsuak zuzendu ditu Hego Korean, Errumanian, Errusian eta Espainian, baita opera-ekoizpenak ere. 2023-24 denboraldian, Seulgo Nazioarteko Opera Jaialdian eta Jejuko Nazioarteko Operen Jaialdian produkzioak zuzenduko ditu, eta orkestra nabarmenetara gonbidatu gisa itzuliko da.
Vanessa Goikoetxea sopranoak, Floridan jaio eta Durangon haziak, ibilbide nabarmengarria egin du operaren, zarzuelaren, oratorioaren eta kontzertu-kantagintzaren alorretan. Prestakuntza Madrilgo Goi Mailako Kantu Eskolan eta Municheko Hochschule für Musik und Theater ikastegian jasota, bere ahots-moldaerraztasunari esker arrakasta handia izan du agertoki sonatuetan, hala nola Londresko Covent Gardenen, Madrilgo Errege Antzokian eta Dresdeneko Semperoperren. Pertsonaia nagusiak antzeztu ditu, besteak beste Donna Anna eta Mimì Don Giovanni eta La Bohème operetan, hurrenez hurren, eta mundu-mailako estreinaldietan eta grabaketetan ere parte hartu du. 2014an Deborah Voigt saria irabazita, Goikoetxeak ibilbide arrakastatsua egiten jarraitzen du, eta etorkizuneko proiektuen artean honako hauek dauzka: Tosca, Maestranzako Antzokian eta Florentzian; Alcina, Seattle Opera Housen; Juan José, Madrilgo Zarzuelako Antzokian; eta Rusalka, Nizan.
Carmen Artaza mezzosoprano donostiarra operan eta zarzuelan duen moldaerraztasuna erakutsiz nabarmendu da nazioarteko panoraman, 2021ean Tenor Francesc Viñas Nazioarteko Kantu Lehiaketan Lehen Sari Nagusia eskuratu zuenetik, Mozart sariaz eta Publikoarenaz gain, besteak beste. Joan den denboraldian, Hannoverreko Operara itzuli zen Händelen Alcina obran Bradamanteren papera abesteko, eta Berlingo Komische Operan debuta egin zuen. Madrilgo Zarzuelako Antzokian ere parte hartu zuen, Luisa Fernandaren rola antzeztuz, eta Basileako Ganbera Orkestrarekin Suitzan zeharreko bira batean kolaboratu zuen. Era berean, orkestra garrantzitsuekin lan egin du, eta Donostiako Musika Hamabostaldian, esaterako, ohiko gonbidatua da.
Gillen Munguía tenor donostiarra tradizio lirikoa duen familia ospetsu batekoa da; bere aitona Carlos Munguía tenor entzutetsua zen. Kantu-ikasketak Europako hainbat erakundetan egin zituen, Milango Accademia Teatro alla Scalan, kasu, eta kantu-lehiaketetan sariak irabazi ditu, hala nola Concorso AsLiCo, Viñas eta Ciudad de Logroño lehiaketetan. Azken boladako denboraldietan, zenbait rol antzeztuz nabarmendu da, besteren artean Rodolfo eta Camille La Bohème eta La Vedova Allegra obretan, hurrenez hurren. Bere opera-ibilbidea alde batera utzita, Gillen Munguía euskal musikaren defendatzaile sutsua da: El folclore vasco en la obra de Jesús Guridi ikerlanaren egilea da, besteren artean, eta argitaratu dituen bildumen artean Gabon Kantak dago, Aita Donostia konpositorearen plazaratu gabeko musika dakarrena.
Damián del Castillo Jaéngo baritono aipagarriak Málagan eta Madrilgo Sofia Erregina Goi Mailako Musika Eskolan egin zituen Musika- eta Kantu-ikasketak. 2011n Sevilla Hiriko “Nuevas Voces” Kantu Lehiaketaren IX. edizioa irabazi ondoren, bakarlari-ibilbide irmoa hasi eta bai Estatuko bai nazioarteko entzunaretoetan arrakastaz jardun zuen, Lisboatik Chicagoraino. Operako pertsonaia ugari abestu ditu, Rigoletto eta La Traviata obretan bereziki nabarmenduta. Bere ahots-moldaerraztasunari esker, oratorio-errepertorioa eta F. Schuberten Die Schöne Müllerin eta Winterreise zikloak abesten ditu. Zuzendari ospetsuekin lan egin eta rol berrietan debutatu du, Manon obrako Lescaut kantatuz, adibidez, eta hurrengo emanaldiak RTVEko Orkestra eta Koruarekin eta Oviedoko Operarekin eskainiko ditu.
Julen García baritono bilbotarrak biolin-ikasketekin hasi zuen bere musika-prestakuntza, Bilboko Koral Elkartean, non Marta Ubietaren tutoretzapean kantu koral eta lirikoarekiko grina sortu zitzaion, aldi berean geologia-gradua ikasten ari zela. Gero, ikasketak Olatz Saituarekin jarraitu zituen, Juan Crisóstomo Arriaga Kontserbatorioan, eta Euskadiko Musikari Gazteen lehiaketako A Kantu-kategorian lehen saria irabazi zuen. Ondoren, Musikenen, Maite Arruabarrenarekin eta Itziar Barredorekin trebatu zen, eta, gaur egun, Milango Giuseppe Verdi Kontserbatorioan dihardu ikasten Michele Porcelli baritonoarekin. Irakasle aritzeaz gain, hainbat abesbatzatan parte hartzen du, eta bakarlaria ere bada hainbat taldetan eta jaialdi ospetsuetan, non musika lirikoan dituen moldakortasuna eta talentua erakusten dituen.
FLICKR