Bilboko Koral Elkarteak eta BOS – Bilbao Orkestra Sinfonikoak indarrak batu dituzte berriro Jesús Guridik 1910ean konposatutako Mirentxu pastoral lirikoa lehenengo aldiz grabatzeko. Opera erromantiko eta tragiko honek maitasuna, jeloskortasuna eta patua jorratzen ditu, beste gai batzuen artean, euskal landa-ingurunean kokatuta eta errepertorio lirikoan funtsezkoa bihurtu duen musika-giro hunkigarriarekin. Proiektu garrantzitsu hau euskal ondare lirikoa berreskuratzeko Euskal Opera programaren barruan dago, elkarte koralak berak sustatutako eta Petronor, Bizkaiko Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritza erakunde nabarmenek babestutako ekimenean, hain zuzen ere. Orain arte, Maitena eta Lide ta Ixidor berpiztu dira, biak ere euskal operako maisulanak, euskarazko errepertorio lirikoa munduari ezagutarazteko.
Oraingoan, Mirentxu operak Bilbao Orkestra Sinfonikoko maisuak, Bilboko Koral Elkarteko kantari gaztetxo eta helduak, eta bakarlari entzutetsuak bildu ditu, hala nola Vanessa Goikoetxea, Carmen Artaza, Gillen Munguía, Damián del Castillo eta Julen García, Unai Urrecho zuzendariaren gidaritzapean eta IBS Classics diskoetxe ospetsuarekin elkarlanean. Musikaren alorreko lehen mailako talentuak bat eginda, Mirentxu lanaren interpretazioa zirraragarria izango da, zalantzarik gabe. Istorioak Mirentxu, Raimundo eta Presenen arteko amodiozko triangelua kontatzen du, eta hala pertsonaiak nola entzuleak hunkitzen dituen heriotza tragikoaz amaitzen da.
Inspirazio musikalak, Euskal Opera saileko beste lan batzuek bezala, kantutegietako motibo errepikakorrak eta doinuak dakartza, eta, ondorioz, euskal kulturarekin duen lotura aberasten du. Partitura aparta, bai bere garaian bai gaur egun, orain Ramon Lazkanoren eta ICCMUren berrikuspen kritikoaz erregistratua, konpositoreak 1947an egin zuen bigarren bertsioa eta Jesús María de Arozamenak Alfredo de Echaveren jatorrizko libretoaren arabera idatzi zuen testua oinarri. Ondare lirikoaren aldeko konpromiso apurtezinaren beste adibide bat, euskal operaren edertasunaren eta aberastasunaren testigantza iraunkorra finkatuko duena.
Erreseina historikoa
Mirentxu, Jesús Guridiren lehen obra eszenikoa, 1910eko maiatzaren 31n estreinatu zen, Bilboko Campos Elíseos Antzokian, konpositoreak berak zuzenduta orkestra eta Bilboko Koral Elkartea, enkarguaren komisarioa. Obra Bilbon kokatuta dago, XX. mendearen hasierako industria-, ontzigintza- eta finantza-goraldi betean, eta, inolako konplexutasunik gabea badirudi ere, ertz ugariko gaiak jorratzen ditu, euskal landa-inguruneko gizartearen ikuspegi idealizatuari eta naturarekin duen loturari heltzen baitie berriro. Lan honek, beste kontu batzuen artean, maitasun endogenoa, kristautasun berreroslea eta sentimenduen garbitasuna ditu hizpide, eta euskaraz adierazten ditu, zehazki landa-inguruneko hizkeraz. 37 urtean, Guridik behin baino gehiagotan berrikusi eta findu zuen Mirentxu, bere konpositore-ibilbidean izandako bilakaerara eta bere bizitza pertsonalean gertatutako aldaketetara egokitzeko. Parisen jaso zuen musika-prestakuntza eta José María Usandizagaren eragina funtsezkoak izan ziren haren garapenean. Gerra Zibilaren ondoren, Guridi Madrilera joan zen bizitzera, non konpositore eta zuzendari gisa aitorpen handia izan zuen. Amaya eta El Caserío obra nabarmenekin, Espainiako musika klasikoan ondare diren horiekin, ekarpen handia egin zion musika espainiarrari.
Argumentua
Mirentxu opera, euskal landa-eremuan girotua, bi ekitalditan banatuta dago, eta, maitasuna, jeloskortasuna eta sakrifizioa jorratuz, pertsonaia nagusien inguruko istorio hunkigarria kontatzen du. Lehen ekitaldian, paraje menditsu baten erdian, errota bat, zubi bat, baratze bat eta intxaurrondo bat ageri dira. Pertsonaia nagusiak lau dira: Mirentxu, haren aita Manu errotaria, Mirentxurekin batera hazitako Raimundo gaztea eta Txantonen biloba Presen. Mirentxu eta Raimundo maitemindu egingo dira, eta horrek jeloskortasuna eta zorigaitza sortuko dizkio Preseni. Bigarren ekitaldian, neguan, pertsonaiek beren sentimendu eta gatazkei aurre egingo diete. Mirentxu hobeto dago osasunez, baina Raimundok oraindik ere baditu Presenekiko sentimenduak. Manu beldur da Mirentxuren osasunak ez ote duen okerrera egingo, eta Raimundori bere benetako maitasuna Presen izan dela beti aitortuko dio. Era berean, Presenek jakinaraziko dio Raimundori bera maite duela, eta gizona zeharo aztoratuta geratuko da. Mirentxu Santa Ageda bezperan hilko da, haurrez eta bizilagunez inguratuta. Haren azken hatsean, Raimundo eta Presen adiskidetu egingo dira, eta opera emozioz betetako eszena hunkigarriarekin bukatuko da.
Talde artistikoa
Bilboko Koral Elkartea
Jose Luis Ormazabal, Haurren Koruaren zuzendaria
Enrique Azurza, Koru Sinfonikoaren zuzendaria
BOS – Bilbao Orkestra Sinfonikoa*
Unai Urrecho, zuzendaria
Vanessa Goikoetxea, sopranoa (Mirentxu)
Carmen Artaza, mezzosopranoa (Presen)
Gillen Munguía, tenorra (Raimundo)
Damián del Castillo, baritonoa (Txanton)
Julen García, baritonoa (Manu)
Adriana Fernández, tiplea (Bixente)
Maren Sastre, tiplea (Teodoro)
Urko Sangroniz, baritonoa (artzaina)
*Orkestra : 2 txirula (2.a piccoloarekin) / 2 oboe /2 klarinete Sib-en / fagot 1 / 3 tronpa Fa-n / 2 tronpeta Do-n / 3 tronboi / tuba / tinbalak / bonboa, platerak, kaxa, triangelua, tinbreak / harpa / biolinak I / biolinak II / biolak / biolontxeloak / kontrabaxuak