Pandemiari aurre eginez, Bilbo MUSIKA-MÚSICAn murgilduko da, eta, kulturaren bidez, ihesbidea eskainiko du martxoko lehen asteburuan, hiritik atera behar izan gabe. Asteon, 2021eko edizioa aurkeztu da udaletxean: Euskalduna Jauregian, Azkuna Zentroan, Elkarte Filarmonikoan eta EHUko Bizkaia Aretoan, jarraian dituzuen 36 ekitaldiak eskainiko dira, geuk inauguratu eta amaituko ditugunak. Sarrerak gaur, otsailaren 24an, jarriko dira salgai, Euskalduna Jauregiko leihatilan (birtuala eta fisikoa: astelehenetik larunbatera, 12:00-14:00 | 17:00-20:00), Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan eta kontzertuak eskainiko diren aretoetan (ikasleen emanaldiak hasi baino ordu erdi lehenago eta aurretik ekitaldi profesionaletarako sarrerak erosita).
Hasteko, “Korala” abestuko dugu, Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia, alegia, martxoaren 5ean, ostiralean, 19:00etan, Euskalduna Jauregian. Giancarlo Guerrerok zuzenduta, BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Miren Urbieta-Vega sopranoa, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Mikel Atxalandabaso tenorra eta José Antonio López baritonoa ariko dira. Era berean, martxoaren 6an, 18:30ean, Mario Martínek zuzenduriko eta gure Musika Zentro Profesionaleko ikasleek osaturiko Jesús Guridi Orkestrak Schuberten “Amaitu gabea” – Zortzigarren Sinfonia si minorren D. 759 eta Jan van der Gootek moldaturiko Straussen Pizzicato-Polka abestuko ditu. Azkenik, martxoaren 7an, igandean, 19:30ean, Euskalduna Jauregiko auditoriumera itzuliko gara, Mozarten Requiema re minorren K. 626az gozatzera; Iker Sánchezek zuzendurik, Bilbao Sinfoniettak, Vanessa Goikoetxea sopranoak, Maite Maruri mezzosopranoak, David Alegret tenorrak eta Christopher Robertsonek hartuko dute parte.
COVID-19aren epidemia dela-eta izan daitezkeen arriskuak agertokiaren alde bietan ekiditeko, osasun-agintariek ezarritako araudia zorrotz betetzeaz gain, koralistei antigeno-proba egingo zaie denak batera ariko diren lehen entseguaren bezperan; izan ere, orain arte, taldeka eta bereizirik jardun izan dute. Gainera, maskara kirurgikoak edo FFP2 erakoak emango zaizkie, ezingo dute kamerinorik erabili eta leku berean egongo dira beti, denen erabilerarako guneetako joan-etorriak murrizteko eta, inor kutsatuz gero, trazabilitate jakinari jarraitu ahal izateko. Prebentzio gorena musika-festa hau egin ahal izateko. Gurekin batera gozatzera gonbidatuta zaudete!