Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegiak eta Bilboko ehun urtetik gorako koru-elkarteak lurraldean musika-hezkuntza sustatzeko bat egin dute
Lankidetza-hitzarmenaren baitako lehen proiektua izango da Musikeneko Pedagogia Sailak Eskolan Kantari ekimenaren esparru teorikoa zedarritzea
Bilboko Koral Elkartearen Eskolan Kantari gizarte- eta hezkuntza-arloko proiektuaren xedea da koru-prestakuntza hezkuntza orokorreko ikastetxeetara eramatea, zehazki ez korurik ez musika-jarduerarik ez dutenetara. Bilboko Koral Elkarteko irakasleak astero joaten dira hara, duela hiru urtetik, eskolak ematera; orain arte, ehun koralista baino gehiago trebatu dituzte.
Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegiarekin sinatu duen lankidetza-hitzarmenaren bidez, bultzada eman nahi zaio aipatu ekimenari; horretarako, hasteko, Pedagogia Sailak jarraipen eta aholkularitza akademiko-artistikoa eskainiko dio. Musikeneko ikasleek beren irakasleek gainbegiratuta egingo dute azterketa hau, Eskolan Kantariren baitako jarduerak didaktika- eta musika-ikuspegiaz oinarrituko dituen esparru teorikoa garatzea xede; hala, hezkuntza-eredu horretan dauden kolektiboak, egitura, guneak eta denborak aztertuko dituzte.
Proiektu horretan ez ezik, beste esparru batzuetan ere ariko dira elkarlanean erakunde biak; besteak beste, agertoki beretan elkarrekin ariko dira, kontzertu-zikloak elkarrekin garatuko dituzte eta Musikeneko ikasleek koru-elkarteko taldeetan zuzendaritza-praktikak egingo dituzte. Hitzarmenak hiru urte iraungo du, gutxienez, eta automatikoki berrituko da.