Bilboko Sozietate Koraleko presidente José Miguel Lanzagorta jaunak eta Petronorreko presidente Emiliano López Atxurra jaunak gaur bertan lankidetza hitzarmena sinatu dute; horren bidez, Muskizko findegia Koralaren babeslea izango da hurrengo hiru urteetan.
Hitzarmenaren klausuletan ezarritakoaren arabera, Petronorrek musika elkartearen jardueren garapena finantzatzen lagunduko du; bestalde, eta horren ondorioz, babesleei dagozkien zerga, gizarte eta korporazio abantailak izango ditu.
Besteak beste, Koralak bere bazkideen seme-alabei musika udalekuetan aplikatzen dien deskontu bera aplikatuko die Petronorreko langileen seme-alabei ere; halaber, Petronorreko langileen seme-alabek hilero deskontua izan dezakete, baldin eta Bilboko Koralaren musika irakasteko zentroan musikaren hastapenak ikasteko tailerrean matrikulatzen badira.
Horrez gain, Koralak urtero kontzertu bat emango du hiru abesbatzetako batekin, eta, zehazki, lehenengo kontzertua, Euskeria abesbatzarena, abenduaren 16an emango da Muskizko Meatzari Aretoan. Kontzertu hori grabatu egingo da eta telebistaz (Tele7) emango da, eta CDV formatuan banatuko zaie interesa duten herritarrei.
Aldi berean, Koralak CD batzuk emango dizkio Petronorri, Bilboko Koralak Muskizen banatzeko asmoz aldez aurretik grabatuta zituenak, hain zuzen.
Hitzarmena sinatu ostean, Sozietate Koraleko presidente José Miguel Lanzagortak adierazi du pozik dagoela hitzarmenarekin, “oro har musika eta bereziki korala bultzatzen lagunduko duelako”. Ildo berean, Petronorreko presidente López Atxurrak azpimarratu du hitzarmenak “musika elkartearen ekarpena aitortzen duela. Elkarteak 130 urte bete ditu orain, eta musika zaletasun gisa duten Petronorreko langileen seme-alabei aukerak eskaintzen dizkie. Gainera, denen intereseko kontzertua emango du Gabonetan Muskizen”.